Albisteak

Albistea

Haurren artean literatura zaletasuna pizteko Kontuleku tailerra abiatuko dute Bermeon

Haurren artean literaturarekiko zaletasuna pizteko Kontuleku ekimena berriro jarriko du martxan Bermeoko Udal Liburutegiak. 3 eta 6 urte arteko haurrei zuzenduta, liburuekiko maitasuna sustatzeaz gain, ahozko literaturaren eta irudimenaren munduari esker, umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotu nahi dira ekimenaren bitartez.
Kontuleku tailerra urriaren 22tik abenduaren 17ra egingo da Udal Liburutegian, eguenetan ( 9 saio) . Talde bi antolatuko dira: alde batetik, 3 eta 4 urteko haurren taldea (17.00-18.00), eta, bestetik, 5 eta 6 urtekoena (18.00-19.00). Talde bakoitzean bederatzi umek parte hartu ahal izango dute guraso batekin. Liburutegiko arduradunek azaldu dutenez, landuko diren alorren artean daude afektibitatea, psikomotrizitatea, estimulazio goiztiarra eta harremanak, besteak beste. «Gurasoek beren seme-alabekin bizipenak partekatzeko hainbat baliabide aurkituko dituzte espazio honetan: soinu jolasak, jolas lirikoak eta antzerkia», gaineratu dute. Egun bakoitzean jarduera eta gai desberdinak jorratuko dituzte. Gurasoei, bibliografia eta etxean lantzeko jarraibideak emango dizkiete hala nahi izanez gero. Ekimen honetan parte hartu gura dutenek Bermeoko liburutegian eman beharko dute izena eta doakoa da.

24 / 09 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0