Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Eingule? ekimena abiarazi du.

-Bere helburua da Bermeoko euskarari indarra eta prestigioa ematea eta sustraiak eta identitatea balioan jartzea

-Kanpaina hau 2018-2022 urteetako Euskararen Plan Estrategikoarekin lerrokatuta dago

Bermeon, 2022ko irailaren 28an.- Bermeoko Udalak ekimen berria jarri du martxan: Eingule? Bermeotarraren aberastasunaz eta balioaz jabearaztea da kanpaina honen helburua, norberaren euskararekiko harrotasuna sentitzea, zentzu zabalean ulertuta. Ez da soilik gure hizkera prestigiatzea, Bermeoko identitatea eta kultura zabaltzea eta transmisioa indartzea da.

Honela, erabilerarako motibazioa sustatu nahi da, herritarrei nortasuna ematen dion hizkerak eguneroko bizitzarako duen baliagarritasuna agerian utziz. Lanketa hau jolasaren bidez egin nahi da, bermeotarrez jolasteko erronkari heltzeko gonbidapena egin nahi zaie herritarrei. Kanpaina hau 2018-2022 urteetako Euskararen Plan Estrategikoarekin lerrokatuta dago.

“Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du eta gurea indartzera gatoz. Hori da kanpaina honen helburua. Ez da momentuko ekimena izango, hilabeteetan zehar garatzen joango gara. Seguru gaude herrian harrotasunez hartuko den kanpaina izango dela. Ahalik eta jende gehien parte hartzea da gure helburua”, adierazi du Bermeoko Euskara zinegotzi Kepa Zumetak.

Zortzi aste, zortzi lehiaketa

Kanpaina urriaren 3an hasi eta abenduaren 3ra arte luzatuko da eta hainbat elementuk osatuko dute:

- Banaka jolasteko lehiaketak. Urriaren 3tik aurrera, astero lehiaketa berri bat kaleratuko da eta herritarrek astebete edukiko dute lehiaketan parte hartzeko. Lehiaketa bakoitza eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunearen bidez, sare sozialen bidez eta WhatsApp bidez zabalduko da eta herritarrek jasotzen duten estekaren bidez izango dute lehiaketa betetzeko aukera. Sari bat emango da astero, puntu gehien lortu dituenari! Lehiaketa berria astelehenero argitaratuko da eta igandea izango da lehiaketa betetzeko epemuga.

Juan Lebatz web seriea. Lehiaketari testuingurua emateko, web serie bat prestatu da. Protagonistak Juan Lebatz du izena eta bere bizipenak jarraitzera animatuko gaitu Bermeoko hizkeraz blaitutako serie baten bidez. Gainera, Bermeoko berbak aitzaki hartuta, kale elkarrizketak egingo dira herritarren partaidetza sustatuz.

Lehiaketa herrikoia. Kanpainari amaiera emateko, lehiaketa herrikoia antolatuko da Euskararen Egunean eta herritar oro gonbidatuko da bertan parte hartzera. Parte hartzaileek banaka zein taldeka jolasteko aukera izango dute eta irabazleek saria lortuko dute.

Ikastetxeetako lanketa

Kanpaina geletara eraman nahi izan da eta horretarako, herriko lau ikastetxeei (San Frantzisko Herri Ikastetxea, Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHI, Eleizalde Ikastola eta Sagrado Corazón Ikastetxea) lanketa berezi bat proposatu zaie. Geletan zortzi astetan landuko dute. Horretarako, zortzi bloke zehaztu dira, eduki zehatzarekin: berbak eta esaerak; Euskara; Kultura eta sortzaileak; Toponimia, geografia eta natura; Eraikinak eta eskulturak; Kirola; Arrantza eta itsasoa; eta ohiturak eta sinesmenak.

Horretarako, irakasleek irakasleen txoko bat edukiko dute eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunean, bakoitzak modu autonomoan egingo duen lanketa gidatzeko eta errazteko. Ikastetxeentzat ere lehiaketa berezi bat antolatuko da Euskararen Egunean. Egunean bertan sortuko diren taldeen arteko aurrez aurreko lehiaketa izango da eta lortutako puntuaketaren arabera, hiru sari egongo dira.

Tokiko eragileak aktibatzen

Kanpainaren helburuarekin bat etorriz, tokiko eragileekin elkarlana sustatu da hasieratik. Kanpainan zehar banatuko diren sari guztien atzetik tokiko merkatari, ostalari zein negozioak daude eta haiek izango dira kanpainaren baitan ateratzen diren saridunak saritzeko arduradunak.

Lankidetzari esker, sari ugari egongo dira, Bermeoko produktu eta zerbitzuekin eta erosketa-txartelekin osatuta. Ikastetxeetan parte hartuko duten gazte guztien partaidetza sarituko da, eta finalean puntu gehien lortzen dituzten taldeentzako kirol arloko sariak ere egongo dira.

Kanpaina hainbat kanal bidez jarraitzeko aukera

Dagoeneko publikatuta dago eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunea, eta bertan aurkituko daitezke kanpainaren nondik norako guztiak. Sare sozialetan ere informazio gehiago eskainiko da. Instagram eta Twitterren @eingule_ profilak jarraitu daitezke eta Facebooken @euskerasaila.bermeon kontua. Horrez gain, Udalaren sare sozialen, Euskara Sailaren YouTube kontuaren bidez eta WhatsApp bidez edukia ere zabalduko da. Kanpainaren hasierarekin batera zozketa bat bideratuko dugu Instagram bidez. Beraz, hasieratik adi egotera gonbidatzen zaitugu!

28 / 09 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0