Albistea
Ohitura den moduan, abenduaren 24an, astelehenean, Bermeon bisita oso berezia izango dugu, Olentzero eta Mari Domingirena, hain zuzen ere. Olentzero eta Mari Domingi menditik jaitsiko dira guztion ilusioa piztuz.
Horrela, abenduaren 24an, goizean, 11:30ean Bermeoko udal azokara helduko dira. Bertan, 14:30ak arte egongo dira, ume zein nagusien azken gutunak batzen. Gainera, Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera izango dugu azokako Gabonetako zuhaitzaren alboan. Era berean, udal azokako postuak ere irekita egongo dira betiko ordutegian erosketak egin ahal izateko.
Atsedenaldi txiki bat hartu ondoren, Olentzero eta Mari Domingi, 17:30ean, Atalden izango dira eta, Goiko plazaraino kalejiratxoa egin ondoren, Goiko plazan harrera ekitaldia egingo zaie herriko taldeen eskutik.
Bertan, kantak eta dantzak izango dira Olentzerori eta Mari Domingiri ongi etorria emateko gabon jaialdian eta, gainera, indarra hartzeko txokolatea eta gaztaina erreak dastatzeko aukera izango dugu. Gainera, umeek gozatzeko hainbat aukera izango dituzte: jolasak, ipuin kontalaria… Era berean, Kabidxen izango den tabernan zeozer hartzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek. 20:00etan jaia bukatuko da Olentzerok eta Mari Domingik lan gogorra baitute opariak banatzen.
Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu mahoie eta txapela janztera eta ekimen hauetan guztietan parte hartzera, guztiok, Olentzerogaz eta Mari Domingaz batera, gabon giroan ondo pasatzeko!
010 (94 617 91 00)