Albistea
30 pertsona inguruk parte hartu dute Bermeoaldeko Behargintzak azken hiru hilabeteetan eskaini dituen ikastaroetan, eta balorazioa positiboa izan da. Ikastaroak honako hauek izan dira: ‘Oinarrizko informatika’ ikastaroa, ‘Menpekotasuna duten pertsonentzat giza osasun arreta gizarte erakundeetan’ ikastaroa, eta eraikuntzan esperientzia dutenei zuzendutako ‘Aldamio metalikoen muntatzaile’ ikastaroa.
‘Oinarrizko Informatika’ ikastaroan 45 urtetik gorako 9 bermeotarrek parte hartu dute, eta horretan informatikaren mundura hurbiltzeko aukera eskaini zaie Bit@bit informatika enpresaren eskutik. Ikastaroa 2016ko azaroaren 24tik abenduaren7ra izan da.
‘Oinarrizko Informatika’ ikastaroaren helburu nagusia honakoa izan da: informatikako oinarrizko kontzeptu eta ekintzak barneratzea, eta Word programa erabiltzen ikastea. Parte hartzaileek karpetak sortzen eta antolatzen, dokumentuak gordetzen, interneten nabigatzen, edota posta elektronikoa sortzen eta erabiltzen ikasi dute.
‘Menpekotasuna duten pertsonentzat giza osasun arreta gizarte erakundeetan’ ikastaroak eskaera handia izan du, eta horretan 10 pertsonak parte hartu dute, emakumeak guztiak, 25 urtetik 60 urtera artekoak. 100 orduko ikastaroa izan da. Gernika Lanbide Ekimenak-en eskutik eskaini da, eta Gernikako Behargintzan egin da azaroaren 16tik abenduaren 22ra.
Ikastaroa bi zatitan banatu da: 1go zatian menpekotasuna dute pertsonei harrera eta onarpena egiterakoan babesa zelan eman ikasi dute parte hartzaileek; eta 2. zatian aipatutako kolektibo horrentzat ekintza desberdinak nola antolatu ikasi dute.
Ikastaroa Lanbideren bermearekin egin da, eta horrela egin dutenek Profesionaltasun Ziurtagiriaren Modulu bat lortu dute. Ziurtagiri horrek parte-hartzaileak Gizarte Erakundeetan lan egitea ahalbideratzen du.
Bestalde, eraikuntzan esperientzia dutenei zuzendutako, ‘Aldamio Metalikoen Muntatzaile’ ikastaroa azaroaren 24tik abenduaren 2ra egin da, eta 40 urte inguruko 7 partaide egon dira.
Bi ataletan garatu da: lehenengoan alde teorikoa landu da, eta bigarrenean atal praktikoa. Ikastaroa oso praktikoa izan da, eta bere berezitasunagatik Hizkuntza Eskolan egin da.
Ikastaroaren helburu orokorra aldamio sistema desberdinen muntaia eta desmuntaiaz aparte, modu egokian gordetzen eta jagoten jakiteko beharrezkoak diren ezagupenak eta abileziak eskuratzea izan da. Ikastaroaren bukaeran partaideek Eraikuntzako Profesionaltasun Txartela lortu dute.
Irune Ormaetxeak, Merkataritza zinegotziak, azaldu duenez, ikastaro horien helburua da “herritarrei laneratzeko baliabideak ematea, eta bide horretan lanean jarraituko dugu”. “Horrela, datorren urtera begira, ikastaro berriak aurreikusten ari gara, lan merkatuko aukerak zeintzuk diren kontuan hartuta”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)