Albisteak

Albistea

Nao Victoria Bermeon abuztuaren 10etik 13ra, Galarrenaren 106. urteurrenean

Itsas Market merkatua, estropadak, hitzaldiak, kontzertuak, itsas prozesioa eta lore eskaintza ere izango dira Bermeon Galarrenaren urteurrenean

 

Bermeon 1912ko abuztuaren 12an gertatutako galarrenaren 106 urte beteko dira, eta hori gogoratzeko hainbat ekimen izango ditugu Bermeon. Esate baterako, Bermeoko Udalak, Getariako Udalak eta Basquetourrek antolatuta, abuztuaren 10etik 13ra arte Nao Victoria, 1519-1522 urte bitartean lehenengo aldiz munduari bira eman zion itsasontziaren erreplika izango dugu Bermeon. Bisitariek garai guztietako itsas ekintza gogoangarriena ezagutzeko aukera izango dute 26 metroko luzera eta zazpi metroko zabalera duen pinuz eta haritzaz egindako itsasontzi honetan.

Bestalde, Galerna Taldeak eta Bermeoko Udalak hainbat ekitaldi antolatu dituzte hurrengo asteburuan, hau da, abuztuaren 10ean, 11n eta 12an. Horrela, asteburu horretan, besteak beste, Itsas Market merkatua Olatuko Kaian, hitzaldiak, kontzertuak, itsasontzien prozesioa eta lore eskaintza izango ditugu Bermeon. 1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta horretan 143 arrantzalek bizia galdu zuten.

Horien guztien berri eman dute gaur prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Alvaro Lecarok, Nao Victoriaren logistika arduradunak; eta Unai Bilbaok Galerna taldeko ordezkariak.

Nao Victoria

Nao Victoriari dagokionez, Bidegurenek eta Lecarok azaldu dutenez, abuztuan Euskadiko hainbat portu zeharkatuko ditu Euskal Herriak itsasontzi honetan duen historia eta protagonismoa ezagutarazteko; izan ere, Nao Victoria orain dela bost mende Euskal Herrian eraiki zuten eta Juan Sebastian Elcano kapitanak (Getaria) gidatua munduari bira eman zion lehenengo aldiz. Gainera, munduari buelta ematea lortu zuten 18 tripulatzaileen artean, lau euskaldunak izan ziren eta horietariko bat, Juan de Acurio,  bermeotarra.

“Horrela, Nao Victoriaren erreplika abuztuaren 10etik 13ra Bermeon izango dugu eta  gure historia ezagutzeko aukera paregabea eskainiko digu”, adierazi du Bidegurenek.

Nao Victoriaren erreplikaren bisitari dagokionez, bisitariak tour auto bat egiten du bost ontzigainetatik. Horietan Nao Victoriak 1519-1522 urte bitartean egindako mundu bira eta horren testuinguru historiko zein soziala ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek, itsasontzian dauden informazio panelen bidez eta baita tripulatzaileekin hitz egin da ere; izan ere, benetako arrantzaleak dira.

Ildo horretan, gogoratu dutenez, Nao Victoriaren erreplika honek ere munduari bira eman zio 2004 eta 2006 urte bitartean, 26.000 milia zeharkatuz eta 17 herrialdeetan geldialdia eginez. Ezaugarri horiek dituen lehenengo itsasontzia izan da horrelako itsasaldi bat egiten. Ordutik Estatu Batuetako eta Europako Portu ezberdinetatik bira egin ditu.

“Zalantza barik, historia berpizteko aukera bakarra eskainiko digu Nago Victoriak”, azpimarratu du Bermeoko alkateak eta herritarrak eta kanpotik datozenak itsasontzi hori bisitatzera gonbidatu ditu. Ordutegia 10:00etatik 21:00ak arte izango da eta sarrerak 11 urtetik gorakoentzat 4 euro eta 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat 2 euro. Familia sarrerak ere izango dira nagusi bi eta hiru umera arte 10 euro. Bisitak ez dute ordu mugarik eta nahi diren beste argazki atera daitezke.

Galerna gogoratzeko egitarau zabala

Bestalde, galarrenaren 106. Urteurrena gogoratzeko egitarau zabala izango da Bermeon Udalak eta Galerna elkarteak antolatuta. Ekimenak abuztuaren 10ean, barikuan, hasiko dira; izan ere, 19:00etan Itsas market merkatua hasiko da Bermeoko Portuko Olatu kaian (food truck, artisautza, bertoko produktuen aurkezpena…). 

Unai Bilbaok adierazi dutenez, ekitaldi horrek aisialdi jasangarria, artea, bertoko kontsumoa, uretako kirolak eta genero berdintasuna sustatzen ditu. 19:30ean Akurio Kontramaisuari buruzko hitzaldia eskainiko da, izan ere, lehen aipatu bezala, Nao Victorian munduari lehen itzulia eman zion bermeotarra izan zen. Ordu berdinean txosna irekiera eta bideo emanaldiak eskainiko dira Galerna taldearen eskutik. 22:00etan musikaren txanda izango da Cactus taldearen kontzertuarekin. 

Abuztuaren 11n, zapatuan, Galarrenaren 106. Urteurrenaren bezperan,  Itsas Market goizeko 11:00etan irekiko da, eta ordu berdinean Galerna elkarteko belaontzietan estropada bat egingo da, Izarora itzulia. Eguerdian atun ‘ronkeoa’ egingo da eta Alkartasuna dantza taldeak giroa alaituko du Portuan. 15:30ean Galerna taldekoen bazkaria izango da. 

Arratsaldean, 18:00etan, ‘Akurio Kontramaisua, ‘Nao Victorian’ munduari lehen itzulia emon eutson bermeotarra’ hitzaldia entzuteko aukera egongo da. Ondoren, 19:00etan, atuna erreta dastatu ahal izango da Bermeoko Olatuko kaian eta 20:00etan Kanta Kanta Lorue taldearen abesti zoragarriekin gozatzeko aukera egongo da. 22:00etan musika egongo da txosnan Portuan. 

Kontzertu akustikoa, prozesioak eta lore eskaintza 

Abuztuaren 12an, domekan, Galarrenaren 106. urteurrena betetzen denean, Itsas Market merkatuarekin gozatzeko aukera izango dute bermeotar zein bisitariek egun guztian. Goizeko 12:00etan txosna irekiko da eta 18:00etan berriro ere, ‘Akurio Kontramaisuari buruzko hitzaldia izango dugu. 

Egun honetan Maren abeslariaren kontzertua ere izango dugu. Iluntzeko 20:00etan kontzertu akustikoarekin gozatzeko aukera izango dugu eta gaueko 21:00etan itsasontzien prozesio isila egingo da Xixilirantz. Aldi berean, 21:00etan lehorrean dauden herritarrak Baztarretik Portuzaharrera jaitsiko dira Kankinkabara txistularien soinuak lagunduta, eta, bertan, Serrat enpresaren eskutik, kandelak banatuko dira galernan euren bizia galdu zuten arrantzaleak gogoratzeko. 

Herritarrak bokalerantzat bideratuko dira eta bertan itsasontziekin batuko dira, guztiak elkarrekin, Izaro abesbatzarekin batera, 21:30ean lora eskaintza egiteko ekitaldi hunkigarri batean. 

Horrez gain, abuztuaren 11n eta 12an, zapatuan eta domekan, Aita Guria baleontzia eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa dohainik bisitatu ahal izango dira “Bermeok itsasoarekin duen lotura eta historia zabaltzeko”. 

Bidegurenek pertsona guztiei ekitaldi horietan parte hartzera gonbidatu die “gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko”. Bermeoko alkateak gogoratu duenez, 1912ko galarrenean Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeunden 143 arrantzale hil ziren, euretatik 116 bermeotarrak, eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen ere. 

“1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta, hori dela eta, 106 urte betetzen direnean, urtero bezala, Bermeoko herriak arrantzale horiei guztiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldia egin nahi die”, azpimarratu du. 

07 / 08 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0