Albistea
Tokiko kontsumoa bultzatzeko eta herriko merkataritza sustatzeko, lehenengo aldiz, ‘Bermeoko bonoa’ kanpaina abiarazi du Bermeoko Udalak, eta kanpaina honek izugarrizko arrakasta izaten ari da; izan ere, maiatzaren 3an abiarazi zen eta jadanik Bermeoko Udalak ateratako 1.500 bonoak agortu dira. Horregatik, kanpainaren harrera ona dela eta, Bermeoko Udalak beste 1.000 bono ateratzea erabaki du, guztira 2.500 bono, hain zuzen ere, adierazi du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Garapen eta Turismo zinegotziak.
Bonoaren prezioa 10 eurokoa da, baina gastu ahalmena 15 eurokoa. Gainera bonoak metagarriak dira elkarren artean, hau da, 60 euroko gastu bat lau bonorekin ordaindu ahal izango da. Momentu honetan herriko mota ezberdinetako 108 dendetan erabili daitezke bonoak (ileapaindegiak, arropa dendak, farmaziak, zapata dendak, estetika zentroak, mihise dendak, harategiak …).
Bonoak Bermeoko BBKko orotariko kutxazainetan eskuratu ahal izango dira, 4 bono kreditu txartel bakoitzeko (kutxabankeko bezeroek ez dute gainkosturik izango, gainontzekoek 0,60 euro bono bakoitzeko). Bonoak eskuratzeko eta erabiltzeko epea maiatzaren 26ra arte izango da. Kanpaina honetan parte hartzen duten dendek erakusleihoan kanpainaren kartela dute, bezeroak horren berri jakin ahal izateko.
“Bermeoko bonoa kanpaina apustu oso garrantzitsua da Bermeoko Udalarentzat eta emaitzak oso onak izaten ari dira. Pozik gaude; izan ere, helburua da tokiko kontsumoaren alde egitea, horrek gure herriko merkataritza sustatzen duelako eta herriko merkataritzak bizia, garapena, enplegua eta bestelako onurak ematen dizkiolako gure herriari . “Erosi Bermeon!”, nabarmendu du Irune Ormaetxeak.
010 (94 617 91 00)