Albisteak

Albistea

Itsasoko delicatessenen show cooking-a, sashimiren aurkezpena eta arrainen kata Bermeoko XXII. Arrain Azokan maiatzaren 20, 21 eta 22an

Arrain azokak lehenengo aldiz Lehena-Oraina-Geroa gunea izango du eta elkartasun karpa bat ere izango du garapenean arazoak dituzten umeei laguntzeko

 

Maiatzaren 20, 21 eta 22an egingo den Bermeoko XXII. Arrain Azoka aurten nobedadez beteta dator. Berrikuntzen artean aipagarriak dira sashimi kalitatezko atunaren aurkezpena, Rui Maehara sushimanaren eskutik; itsasoko delicatessenen show cooking-a eta arrainen kata. Ildo berean, gatza eta olioa arrainarekin fusionatuko dira Añanako Gatz Haranaren eta Arrolanen olioaren aurkezpenean eta, horrez gain, Sotapatroi proiektuaren aurkezpena eta apaidxoen tailerra ere egingo dira Arrain azokaren barne. 

Guzti hauek gainera Arrain Azokaren gune berri baten aurkeztuko dira, Lehena-Oraina-Geroa gunean, LOG gunean, hain zuzen be. Honetan itsas eta arrantza munduaren inguruko hainbat ekimen aurkeztuko dira ikuspuntu ezberdinetatik (gastronomia, garapena, historia…), “oso interesgarria” izango dena bertaratzen diren guztientzat. 

Horrela adierazi du gaur Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Arrantzaleen Museoan egindako Bermeoko XXII. Arrain Azokaren aurkezpenean. Berarekin batera egon dira Irune Ormaetxea, Merkataritza, Garapen eta Turismo zinegotzia, Bego Gangoiti, Turismo bulegoko arduraduna, Julen Ensunza El Correo egunkariko Kosta eskualdeko arduraduna eta Aingeru Astui, Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendaria. 

Bidegurenek elkartasunak ere toki garrantzitsua izango duela Arrain Azokan gogoratu du. Izan ere, aurten herriko 9 elkartek antolatuta, atunaren pintxoak eskuragarri egongo dira eta jasotzen den diru guztia garapenean arazoak dituzten 6 eta 12 urte bitarteko umeen estimulazioa bermatzeko proiektura zuzenduko da.

Bermeoko alkateak gogoratu duenez, aurtengo Bermeoko arrain azokaren leloa ‘Ireki zazu bizitazuna, jan zazu osasuna’ da, azokaren helburu garrantzitsua delako arraina kontserban jatea oso osasungarria dela jakinaraztea. Helburu hau lortzeko, hainbat dira azokak hartuko dituen ekimenak. Esate baterako, LOG gunean izango den itsasoko delicatessenen ‘show cooking’a. Bertan Conservas y Ahumados Angelen sukaldari batek zuzenean bereziki kontserbekin egindako pintxoak eta plater gozoak prestatuko ditu ikuskizun polit batean(zapatuan 17:00-19:30). 

Toki berdinean, Echebastarrek antolatuta, Tokioko Rui Maehara sushimanak sashimi kalitatezko atuna aurkeztuko du ikuskizun berritzaile batean (zapatua 11:00-13:00) eta AZTIk gure arrainaren historia azalduko du kata batekin amaitzeko. Kata horretan (domeka 11:00-12:00, 13:00-14:00) arraina olioan, ozpinean eta era naturalean dastatu ahal izango da. 

Arraina gatzarekin eta olioarekin ere fusionatuko da barikuan, izan ere Añanako Gatz Harnanaren aurkezpena (11:30, 13:30) eta Arrolan olio enpresaren aurkezpena (18:00-19:30) izango ditugu LOG gunean. Gune honetan ere zapatuan (12:00-14:00) pintxo lehiaketan parte hartu duten pintxoen erakusketa izango da eta baita ere apaidxoen tailerra (zapatua 13:00-15:00 eta domekan (12:00-13:00) izango da. 

Aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzen duen sistema bat sortzea du helburu bermeotar talde baten Sotapatroi proiektuak. Horrela proiektu interesgarri hau LOG gunean (barikuan eta zapatuan 19:30-21:00 eta domekan 14:00-15:00) eta baita ere Portuan aurkeztuko dute. 

Jatetxe karpa 

Bego Gangoitik azaldu duenez, aurten jatetxe karpa ere ezberdina izango da, bertan era ezberdinetako jatekoa ematen duten lau stand kokatuko baitira: “Conservas y ahumados Angel gure produktuekin egindako arrain pintxoak eta txakolina izango duena; Camus arrain kontserba eta itsaskiz egindako pastelak eskainiko dituena eta Rue del Percebe, lanpernak, ezkirak, magurioak, nekorak, lanperna-kroketak eta lanperna-izozkia dastagai izango dituena”. 

“Horrez gain, jatetxe karpan kokatuko da atun erre gozoa eskainiko duen elkartasun karpa, eta bertan bi saltsa ezberdinekin dastatu ahal izango da atuna bi euroren truke eta helburu solidarioekin”, gaineratu du. 

Bestalde, Irune Ormaetxeak adierazi duenez, aurtengo Arrain Azokan 21 erakustoki egongo dira. Hauetan enpresek eta erakunde ezberdinek euren produktuak eskainiko dituzte bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta horrez gain,  arrantza mundua erakutsiko dute. Azokaren ordutegia 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da ostiralean eta larunbatean eta 11:00etatik 15:00etara igandean

Gure Itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakutsi 

Umeek euren tokia izango dute Arrain Azokaren gune didaktikoan. Bertan, gure itsas ondarea eta tradizioak zaindu eta erakusteko helburuarekin hainbat tailer eta gastronomia tailerrak ere antolatu dira umeei eta gaztetxuei zuzenduta, barikuan eta zapatuan 11:00etatik -15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Ildo berean, barikuan 17:00etan Galerna Bela taldeak, umeei portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die. 

Bai ume zein nagusiei zuzenduta, egunero Kofradi Zaharraren aurrean atrakatuta egongo den Mater itsasontzia bisitatu ahal izango da eta bertan gure itsas ondarea ezagutzeko aukera izango dugu(11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte)”, adierazi du Ormaetxeak. 

Ildo berean, Turismo zinegotizaren esanetan, “interesgarriak” izango dira Kofradia Zaharrean egingo diren Arrain salmenta simulazioak, data hauetan bakarrik ikus daitezke eta. Hegaluze itsasontzian egingo diren irtenaldiak ere oso politak izango direla adierazi du, Elantxobera zapatuan eta domekan 12:00etan eta zapatuan Gaztelugatxera 18:00etan. 

Arrantzaleen museoak hainbat hitzaldi hartuko ditu eta baita ere “Gure lehengo andren gora beherak” argazki erakusketa eta asteburu osoan doan izango da museoko sarrera eta baita ere Aita Guria baleontziko sarrera ere.

 Jai giro ezin hobea 

Arrain Azokaren inguruan antolatutako ekimen kulturalak ere asko izango direla adierazi du alkateak. Bere esanetan, herriko kultur taldeen inplikazioari esker, Bermeon 20, 21 eta 22ko asteburuan “jai giro ezin hobea lortuko dugu, “abesbatzak,  fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, panderistak, erraldoiak eta gaiteroekin herria alaitzea lortuko baitute”. 

Habanerak ere izango dira Frontoian larunbatean gaueko 22:00etan Radio Nervionek antolatuta. Larunbatean, 11:00etan III. Ikurriña batelen estropada egingo da eta 13:30ean sari banaketa kioskoan. Leku eta egun berdinean, 12:00etan pintxo lehiaketaren sari banaketa izango da. 

Bermeoko Arrain Azokako erakustokiak ostiralean goizeko 11:00etatik aurrera bisitatu ahal izango dira, baina hasiera ofiziala eguerdiko 13:00etan, izango da. Egun horretan ere Hegaluze saria emango da. Hau urte askotan, bermeotarren parte hartzearekin, Bermeoko herriaren izena zabaldu dutenei ematen zaio”. 

“Hortaz, era guztietako ekimenez eta nobedadeekin beteta datorkigu gure Arrain Azoka eta pertsona guztiak gonbidatu nahi ditut Bermeorentzat hain garrantzitsua ekimen honetan parte hartzera, izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok maiatzaren 20, 21 eta 22an”, azpimarratu du. 

Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan eta Bermeon Erroxape Kaian, Landabasoko Poligonorazko bidean, eta Udal Azokako parkingean ere aparkatzeko aukera egongo da. 

Bidegurenek Bermeoko herriarentzat azoka honek duen garrantzia azpimarratu du eta Euskal Herrian mota honetako lehenengo azoka dela gogoratu du. “1994. urtean hasi ginen azoka hau antolatzen kontserberak eta Udala elkarlanean eta erreferentea izateko lanean ari gara urtero, gure apustu garrantzitsu bat izanik”, adierazi du.

 

 

13 / 05 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0