Albisteak

Albistea

Bermeoko Madalen jaietan tradizioa eta festa batuko dira uztailaren 21ean eta 22an

Aurten itsasora jaurtiko den teila sutean kaltetutako Bermeoko Udaletxekoa izango da

 

 

Bermeoko Madalen jaietan tradizioa eta festa batuko dira aurten ere uztailaren 21ean eta 22an. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azaldu duenez, Izaro protagonista duen jai honetan herrikoak zein kanpotik datozenak “gure tradizioarekin eta festarekin disfrutatzeko aukera izango dute”. Aurten itsasora jaurtiko den teila berezia izango da, izan ere, Alde Zaharreko sutean kaltetutako Bermeoko Udaletxearen teila bat izango da. 

Bidegurenek Madalen jaiak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan Aingeru Astui, Kultura zinegotziarekin batera. Bermeoko alkateak adierazi duenez, aurten ere, uztailaren 22an, Bermeoko Udalak, antzinatik egin ohi duenez, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teila botako du honakoa esanez: ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak‘.

Aurten teila 2013ko apirilean sutean kaltetutako Bermeoko Udaletxekoa izango da. “Bermeoko Udaletxea, 1733.urtean eraikia, babes berezia duen kultura-ondare legez katalogatuta dago eta eraikin hau berreraikitzea ezinbestekoa da bermeotarrontzat”, esan du. “Horregatik, aurten Udaletxeko teila bat jaurtitzea pentsa dugu, Udaletxearen egoera zein den nabarmentzeko eta berreraikitzeko duen beharra azpimarratzeko”, adierazi du alkateak.

Bermeoko Udalak  seigarren urtez Madalen Egunean herritarrak eurekin itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko plazak zozkatu ditu herritarren artean. “Ekimen honek harrera oso ona izaten du herritarren artean”, azaldu du. Era berean, egun horretan Mundaka eta Elantxobeko ordezkariak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak gonbidatu ditu Udalak festa hau elkarrekin ospatzeko. 

Madalen bizpera 

Aingeru Astuik Kultura zinegotzi eta Arrantzaleen Museoko zuzendariak, azaldu duenez, Madalen bezperan, eguenean, Arrantzaleen Museoak antolatuta, itsas bataioa ospatuko da. Lehenengo museoa bisitatuko da eta ondoren itsasontzian irteera egingo da. Prezioa 10 euro da helduentzat eta 6 euro 5 eta 12 urte arteko umeentzat. Izena ematea Arrantzaleen museoan. 

Madalen Bizperan ere, Astuik azpimarratu duenez, Baztarre kaleko jaiak ospatuko dira. Festa goizeko 11:00etan hasiko da txokolatada eta umeen ekintzekin eta, ondoren, 12:30ean ipuin kontalaria egongo da.

Arratsaldeko 18:00etan Kankinkabara txistu taldearen kalejirak giroa alaituko du eta 18:30ean ‘El tenderete’ titiritero taldearen ikuskizuna ikusteko aukera izango dugu. Arratsaldeko 19:30ean Bermeoko kantak bermeotarrok abestuta entzungo dira eta gaueko 21:30ean argazki-dokumental baten proiekzioa egingo da.  Baina jaiak aurrera jarraituko du gaueko 22:00etan rock taldeen kontzertuekin Baztarren. Antolatzaileak Baztarreko auzokideak dira  da.

Horrez gain, Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatutako X. Madalen bezperako bazkaria izango da Bermeoko Kafe Antzokian. Parte hartu nahi dutenentzat izena ematea Lezamiz botikan izango da. Bermeotarrak fanfarreak herriko kaleak alaituko ditu arratsaldeko 19:30etatik aurrera. 

Madalen Eguna 

Madalen egunari dagokionez, goizean kalejira egongo da Kankinkabara txistu taldearekin. 10:40etan Udalbatza Goiko plazan batuko da. Txistulariak lagunduta, udalbatzak itsasontzietaraino ibilaldia egingo du portutik eta 12:00etan itsas jaia hasiko da. Ontziratze eta lehorreratzea izotz fabrikaren parean izango  da. 

Ondoren, Bermeoko Udalak, Bermeoko eta ikurrinaren jasoera egingo du Izaro uhartean eta alkateak, ohikoa den legez, teilaren jaurtiketa egingo du Bermeoren mugak berretsiz, aurten Udaletxeko teilarekin. 

Eguerdiko ordu biak inguruan Elantxobera helduko da eta ohorezko aurreskua egingo zaio Bermeoko alkateari, herriko plazan, Alkartasuna dantza taldearen eskutik.  18:00etan Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko eta arratsaldeko 19:30ean inguru helduko dira Bermeora. Portutik Udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Bermeotarrak fanfarrearekin. Bermeoko bandera eta ikurriña altxatu eta gero, aurreskuak egingo dira. 

Beraz, Madalen jaietan guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du alkateak. “Adin guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dugu eta pertsona guztiak jaian parte hartzera eta edertasun paregabea duen gure ingurua bisitatzera gonbidatu nahi ditut”, azpimarratu du alkateak.

 

 

 

20 / 07 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0