Albisteak

Albistea

Sukalkia, tortilla txapelketa, herri kirolak, umeentzako jokoak eta Euskaraldia, besteak beste, Bermeoko Mañu auzoko jaietan

 

 

Bermeoko Mañu auzoko Karmen jaiak barikuan, uztailaren 13an, hasiko dira eta uztailaren 17ra arte (martitzena) ekimen ugari izango dituzte: sukalki eguna, tortilla txapelketa, herri kirolak, umeentzako jolasak, trikitilariak, euskaraldia…

Mañu auzoko jaiak, barikuan, uztailaren 13an, arratsaldeko 19:30ean, txupinazoarekin hasiko dira, eta, ondoren, 20:00etan, mus txapelketa izango da.

Uztailaren 14an, zapatuan, XXXIII. Sukalki eguna ospatuko da Mañun. Izen-ematea goizeko 11:00etan izango da, eta, eguerdiko 13:30ean sukalkiaren aurkezpena. Arratsaldeko 18:00ak inguruan irabazleen berri izango dugu sari banaketa ekitaldian.

18:30ean II. tortilla txapelketa egingo da Mañuko jaietan eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute.  Tortillen aurkezpena 20:00etan izango da eta 20:30ean sari banaketa. Baina, jaia ez da oraindik bukatuko; izan ere, 21:30ean Bertso afaria izango da  eta, ondoren, musikarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek Eleizagoien ahizpen erromeriarekin. Egun guztian zehar umeek gaztelu puzgarrian disfrutatu ahal izango dute.

Bermeoko Euskaraldiak Mañuko jaietan ere presentzia izango du; izan ere, zapatuan, uztailaren 14an, 19:30ak inguru, herritarrei informazioa eskainiko die eta, horretarako, esku-orriak eta gazteentzako komekokos-ak banatuko dituzte. Euskaraldiaren mahoiezko zapiak ere erosteko aukera egongo da. 

Uztailaren 15ean, domekan,  goizeko 11:30ean meza egongo da, eta umeek egun guztian zehar gaztelu puzgarrian gozatzeko aukera izango dute. Gaueko 21:00etan zaldi probak ikusteko aukera egongo da.

Karmen Egunean, uztailaren 16an, astelehenean, 11:30ean meza nagusia izango da eta 12:30ean umeek jolasekin ondo pasatzeko aukera izango dute eta euskararekin baita ere; izan ere, euskaraldia ekimena presente egongo da.

Arratsaldeko 19:00etako mezaren ostean, 19:30ean,  herri kirolen txanda izango da eta 21:00etan zaldi probak izango dira. Egun guztian zehar Roberto eta Idoia trikitilariek giroa alaituko dute eta umeek gaztelu puzgarrian gozatu ahal izango dute.

Uztailaren 17an, martitzenean, 11:30ean meza nagusia izango da. Arratsaldeko 20:00etan trikitilariekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, bakailaoa dastatzen duten bitartean.  Gaueko 21:00etan, zaldi probak izango dira eta ondoren, horien sari banaketa. Mañuko jaiei amaiera emateko nekazal turismo batean egonaldi baten zozketa egingo da.

Mañu auzoko jaiak Mañu auzoko jai batzordeak antolatzen ditu Bermeoko Udalaren laguntzarekin. Bermeoko Udalak Mañuko bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte-hartzera.

10 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0