Albisteak

Albistea

Lamiarango depuragailua martxan

 

Herriko saneamendu sarera konektatu dauden putzu septiko guztiak itxi daitezke oraindik aurrera  

Urte asko itxaroten egon ondoren, joan den urrian Lamiarango depuragailua martxan jarri zen. “Bermeoko eta Mundakako urak tratatzen dituen azpiegitura honek  asko hobetu du Bermeoko Portuko uraren kalitatea eta agerian dago”, adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak.  

Idurre Bidegurenek, Iratxe Arriolak, Busturialdeko Ur Patzuergoaren (BUP) lehendakariak, Batxi Aranburuk BUPeko ingeniariak, Juan Karlos Agirrek Bermeoko Udaleko BUPeko ordezkariak eta BUPeko lehendakariordeak eta Iñigo Gonzalezek Bermeoko Udaleko Zerbitzu teknikariak parte hartu dute gaur depuragailuaren berri emateko prentsaurrekoan. 

Bertan Batxi Aranburuk azaldu duenez, Lamiarango depuragailuan “frogen uraren tratamendu biologikoaren fasean daude eta orain  tratamendu gehigarri bat jarriko da martxan: desinfekzioa, utlraviolet-en bidez. “Tratamendu hau ez da depuragailu askotan egiten, baina guk martxan jarriko dugu Europa mailan urarentzat ezarrita dagoen ur kalitate maila altuena lortu nahi dugulako”, azpimarratu du. 

Dena den, momentu honetan depuragailura heltzen diren ur zikin guztiak depuratu egiten dira tratamendu ezberdinen bitartez eta Lamiaranetik irteten den ura depuratua da.    

“Honen ondorioz, aldaketa nabaria da Bermeon, Portura heltzen den ura jadanik garbia delako eta ez daukalako hatsik, lazunak be urrundu dira”, azpimarratu dute. Gainera, esan dutenez, “denborarekin uraren kalitatea oraindik hobeagoa izango da, garbiagoa eta gardenagoa, gure ingurumena eta bizi kalitatea hobetuz”.  

Horrez gain, azaldu dutenez, Bermeoko kontserberen ur zikinak ere Lamiaraneko depuragailuan depuratzen dira, enpresek horretarako beharrezkoak diren baldintzak bete ondoren. “Guretzat ezinbestekoa zen kontserberen urak ere depuragailuan tratatu ahal izatea eta hori lortzeko guztiok ahaleginak egin ditugu eta lan egin dugu. Horrela, Bermeoko enpresek beharrezkoak diren neurriak hartu dituzte eta euren ur zikinak ere gaur egun Lamiaranen depuratzen dira”, esan du alkateak.  

Horrez gain, Iratxe Arriolak nabarmendu duenez, saneamendu sarea osatzeko emisarioaren lanak ere hasi dira jadanik.  Lan hauek 3 hilabetetako epea dute.  Emisarioa itsasertzetik aurrera ia 1.000 metroko luzera izango du. Hortaz,  emisarioaren lanak bukatutakoan eta hau martxan jartzerakoan, ur depuratua Portura joan beharrean itsas zabalera joango da. 

Juan Karlos Agirrek adierazi duenez, “denbora larregi itxaron behar izan dugu bermeotarrok depuragailua martxan jartzeko, gainera Urdaibai Erreserbaren parte garela kontuan hartuta”. “Beste erakunde batzuen ardura izanik, ahalegin handiak egin behar izan ditugu eta horrela egin dugu Bermeoko Udala parte den Busturialdeko Ur Patzuergoaren eskutik. Lan honen emaitza da Lamiarango depuragailua martxan izatea eta urak depuratuta izatea”, nabarmendu du. 

Putzu septikoak 

Iñigo Gonzalezek azaldu duenez, depuragailua martxan jarri denetik ez dago putzu septikoen beharrik. Horrela ez dago putzu septiko berririk egin behar eta herriko saneamendu sarera konektatu dauden putzu septiko guztiak itxi daitezke, euren mantenu kostuak aurreztuz.  

Bermeoko Udalak bandoen bidez, herritarrei putzu septiko hauek ixteko aukera dutela informatuko die. Edozein kasutan, informazio gehiago behar duten pertsonek Udaleko Zerbitzu Sailera etorri daitezke eta bertan azalpenak emango zaizkie.  

Etxeko olioa birziklatzearen garrantzia 

Bestalde, Agirrek adierazi duenez, depuragailuaren funtzionamendu zuzenerako, beharrezkoa da etxeko olioa birziklatzea. Horregatik, herritarrei etxeko olioa harritik ez komunetik ez botatzeko eta birziklatzeko konpromisoa eskatu die.  

“Jakin badakigu gaur egun herritar askok birziklatzen dutela etxeko olioa baina guztiak egitea lortu behar dugu oso garrantzitsua delako depuragailuaren funtzionamendu onerako”, adierazi du. Horrez gain, etxeko olioa birziklatzearen garrantziaren berri emateko herriko ikastetxeekin batera kanpaina bat martxan jarriko dela hurrengo hilean adierazi du. 

Gogoratu duenez, etxeko olioa birziklatzeko bederatzi edukiontzi laranja daude herriko hainbat tokitan (Kasino aurrean, Goiko plazan, Gonzalo Nardiz enparantzan, Matxitxako Bidean, San Martin 23, Tonpoi Bidean, Atalde kalean…) eta beharrezkoa izango balitz Bermeoko Udalak edukiontzi gehiago jartzea aztertuko luke.

 

 

 

 

26 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0