Albisteak

Albistea

Kultur programazio zabala eskainiko da Bermeon udazkenean zehar

-Besteak beste, zinema, nagusientzako eta umeentzako antzerkiak, tailerrak eta Mareak jaialdia antolatuko dira

-Egingo diren ekintza guztiek indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak zorrotz beteko dituzte eta antolatzaileek arduratsuak izateko mesedez eskatu dute

Bermeon, 2020ko urriaren 1ean.- Udazkenak kultur egitarau oparoa ekarriko du Bermeora. Izan ere, hainbat ekimen antolatuko dira hilabete hauetan zehar. Hori bai, guztiek beteko dituzte indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak. 6tik 11ra bitartean herrian oso ezaguna den Mareak Jaialdia egingo da. Beste urte batez, kontzertu, filmak, hitzaldiak… ikusi eta entzun ahal izango ditugu herriko toki ezberdinetan. Bestalde, zinema berriz bueltatuko da Nestor Basterretxea aretora, lehen mailako filmak ikusteko aukera emanez. Gainera, Bermeoko Udalak ere nagusiei eta umeei zuzendutako antzerkiak antolatu ditu. Azkenik, Udal Liburutegiaren eskutik umeentzako tailerrak egingo dira.

Honenbestez, kulturaren aldeko apustu garbia egin du Bermeoko Udalak. Kultura zinegotzi Alazne Zumetak esan duenez, “uste dugu kultur ekintzak antolatzea ezinbestekoa dela. Kulturaren aldeko apustu sendoa egin dugu. Hori bai, segurtasun eta osasun neurriak zorrotz beteko dira. Ikusle eta entzuleei mesedez eskatzen diegu ekitaldietan arduraz jokatzeko eta antolatzaileen gomendioak jarraitzeko. Kultura segurua da eta horren aldeko apustua egin dugu”.

Esan bezala, urriaren 6tik 11ra bitartean Mareak Jaialdia egingo da. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB 2000 elkarteak -Bermeoko Udalaren laguntzarekin- antolatzen duten jaialdi honek abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu Bermeon. Honela, jaialdi honetan, adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak elkartuko dira, munduan zeharreko egitasmo txiki eta ederrez gozatzeko. Jaialdi honen seigarren edizioak hainbat eszenatokitan egingo diren hamaika ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, hitzaldiak, proiekzioak…) gozatzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren pertsona guztiei.

Urriaren 6an, Nestor Basterretxea aretoan, 20:30etatik aurrera, 'B-MOVIE: LUST & SOUND BERLIN' filma ikusteko aukera izango dugu. Urriaren 7an, Nestor Basterretxea Aretoan, 19:00etan,  Deustuko Unibertsitateko doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurrea arloko irakasle titularra den J.A. Mujika Alustizak hitzaldi interesgarria eskainiko du: "Giza-ehorzketak Euskal Herrian Historiaurrearen amaieran". Urriaren 8an, Frantziskotarren Klaustroan, 20:00etan, Tashakor-ek kontzertua eskainiko du. Asia erdialdeko instrumentuak baliatuz beste soinu batzuk lantzen dituen bikotea da Tashakor.

Urriaren 9an, ostiralean, Bermeoko Kafe Antzokian, 18:00etan, Didau Antzerki Faktoriak ‘Frankestein’ haurrentzako antzerkia ekarriko du Bermeora. Egun berean baina arratsaldeko zazpitan, Frantziskotarren Klaustroan, "Oficios populares vinculados a prácticas mágicas en el folclore vasco" Maria Brambleren hitzaldia izango dugu entzungai. Urriaren 10ean eta 11an, Frantziskotarren Klaustroan, 11:00etan, Ian Masonek ikuskizun berezia eskainiko du. 'Bermio, hiru aldiz suzko aztarna. Jite magiko eta sinboliko bat' izenburupean, Bermeon zehar egiteko ibilbide bat proposatuko digu.

Urriaren 10ean, Frantziskotarren Klaustroan, 13:30ean, Gopffanon-ek folk kontzertua eskainiko du eta, egun berean, baina arratsaldeko 7tan, Josef Van Wissen-ek ere emanaldia eskainiko du. Azkenik, urriaren 10ean ere, Bermeoko Kafe Antzokian, 21:30ean, Tercer Sol laukote valentziarrak eta Hermana Mary-k larunbaterako aurreikusi diren azkeneko kontzertua eskainiko dute.

Antzerkiak:

Bestalde, Bermeoko Udalak bi antzerki antolatu ditu urrirako: ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ (Xake produkzioak) eta ‘Noa, uy, uy, uy’ (Panta Rhei). Lehenbizikoa helduei dago zuzendua eta urriaren 9an antzeztuko da Nestor Basterretxea aretoan, arratsaldeko 8tan. Lan honen helburua da gizonezkoen estereotipoekin hautsi eta maskulinitateari buruzko gogoeta bat egitea, beti ere umorea eta sentiberatasuna uztartuz. Sarrerak 6 euroko kostua izango du eta gaurtik aurrera egongo dira salgai Gizarte eta Kultura Etxean. Sarrerak soberan geratuko balira, bertako leihatilan ere eskuratu ahal izango dira.

Bigarren antzerkia umeei dago zuzendua eta urriaren 30ean egingo da Nestor Basterretxea aretoan, arratsaldeko 6etan. Sarrerek 4 euroko prezioa izango dute eta Gizarte eta Kultur Etxean eskuratu ahal izango dira urriaren 26tik aurrera.

Umeentzako tailerrak:

Bermeoko Udal liburutegiak hainbat tailer antolatu ditu 6 urtetik gorako umeentzat. Lehena, urriaren 23an. Tailer honetan partehartzaileek ipuin bat sortuko dute, jolasen eta asmakizunen bitartez. Arratsaldeko 6etan hasiko da eta izena emateko Udal Liburutegira joan beharko da. Taldean 10 ume egon ahalko dira gehienez. Plazaren bat libre geratuko balitz, zerrendako hurrengora pasako litzateke.

Azaroaren 13an ere bigarren tailer bat antolatu du Udal Liburutegiak. Ekimen honetan txotxongilo bat egiten ikasiko dute. Hau ere arratsaldeko 6etan hasiko da eta, gehienez, 10 umek parte hartu ahal izango dute. Izena Udal Liburutegian eman beharko da. Azkenik, abenduaren 11an hirugarren tailerra egingo da: ‘Irakurle modernoen tailerra’. Irakurketa klub berezi honetan, hitzekin, liburuekin eta literaturarekin erlazio positibo eta gogotsua sortuko da. Aurrekoetan bezala, hemen ere 10 pertsonako taldeak egingo dira eta izena Liburutegian eman beharko da. Hori bai, ume batek ezin izango du tailer batean baino gehiagotan parte hartu.

Azkenik, Bermeoko Udalak Nestor Basterretxea aretoan ematen diren filmen proiekzioak berreskuratuko ditu urriaren 10etik aurrera. Urtero bezala, euskarazko eta gaztelaniazko filmak tartekatuko dira eta denak izango dira lehen mailako lanak. Besteak beste, honakoak ikusi ahal izango dira: ‘Padre no hay más que uno 2’, Trasto, ‘Koko dragoi txikia oihanean’, ‘Pinocho’… Ordutegiak astero jakinaraziko dira. Sarreren prezioei dagokienez, umeen filmek 4,20 euroko prezioa izango dute eta nagusienek: 5,20 eurokoa (zapatu eta domeketan) eta 4,50 eurokoa astelehenetan.

01 / 10 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0