Albistea
- Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euro bideratuko ditu Bermeo BiziPark sarean sar dadin. Zerbitzu hori hainbat udalerritan ari da sustatzen, bizikleta erabiliz tokiko mugikortasun iraunkorra bultzatzeko. Udalak, bestalde, espazioa lagatzeaz gain, proiektua gauzatzeaz arduratuko da.
- Instalazioek gutxienez 35 bizikletentzako lekua eta sarbideak kontrolatzeko sistema bat izango dute. Gainera, suaren aurkako segurtasuneko zortzi armairu jarriko dira gutxienez, banakako hartune elektrikoarekin, argiztapen iraunkorrarekin eta Udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza-sistemarekin.
Bermeon, 2023ko urtarrilaren 31n.- Bermeotarrei bizikletak aparkatzeko toki seguru bat eskaintzeko eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko helburu bikoitzarekin, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, akordio bat sinatu dute Udal Azokan bizikletentzako aparkaleku seguru bat egokitu eta hornitzeko.
Gaur goizean bertan, Aritz Abaroa Bermeoko alkateak eta Ángel Anero, Mugikortasun Jasangarria sustatzeko Zuzendari nagusiak hitzarmen hau sinatu dute, zeinaren bitartez Foru Aldundiak 60.000 euro bideratuko dituen Bermeo BiziPark sarean sar dadin. Zerbitzu hori hainbat udalerritan bultzatzen ari da Aldundia, bizikleta erabiliz tokiko mugikortasun iraunkorra sustatzeko xedez.
Bizikleta da azken urteotan gorakada handiena izan duen garraiobideetako bat. Hala eta guztiz ere, eguraldiaren edota lapurretaren aurrean babesa eta erosotasuna eskaintzen duten espazio egokituak urriak dira, eta, ondorioz, jende askok garraiobide hori alde batera uzten du. Horregatik, Udalak Udal Azokako gune hau lagatzen du bermeotarrek “bizikletak gordetzeko leku segurua izan dezaten, erosotasun eta lasaitasun handiagoa eskainiz. Mugikortasunean aurrera egiten jarraitzeko urrats berri bat izateaz gain, BiziPark ekimena oso praktikoa da, txirrindulariei bizikletak uzteko leku bat eskaintzen diena; izan ere, mundu guztiak ez du bizikleta gordetzeko lekurik etxean”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
Beste behin ere, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan den proiektua da. Ildo horretan, udalerriko alkateak “horrelako proiektuak gauzatzeko orduan erakundeen arteko lanak duen garrantzia nabarmendu nahi dut berriro, Bermeori eta bermeotarrei mesede handia egiten dieten proiektuak baitira. Hauxe oraindik ere egiteke dagoen adibide bat bestetik ez da”. Hitzarmenaren barruan, beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euro inbertituko ditu Udal Azokako aparkalekua egokitu eta ekipatzeko, eta Udalak, berriz, espazio hori lagatzeaz gain, proiektua gauzatzeaz arduratuko da.
“Esperientziak erakusten digu, mugikortasun aktiboa sustatzeko helburuan aurrera egiteko modu on bat dela toki-erakundeei zuzenean laguntzea bizikletaren erabilera errazten duten eta beste garraiobide publiko batzuekiko intermodalitatea errazten duten ekipamenduak eraikitzen, ibilgailu pribatuaren kaltetan” adierazi du Mugikortasun Jasangarria sustatzeko Zuzendari nagusiak.
Udal Azokan kokatutako instalazioek gutxienez 35 bizikletarentzako lekua izango dute, eta sarbideak kontrolatzeko sistema bat abiaraziko da, erabiltzaileak bakarrik sartuko direla bermatzeko. Gainera, suaren aurkako segurtasuneko zortzi armairu jarriko dira gutxienez eta banakako hartune elektrikoa, argiztapen iraunkorra eta Udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza-sistema izango dute instalazioek.
Aparkalekua eguneko 24 orduetan egongo da zabalik, urteko 365 egunetan, eta bonuak aldi desberdinetarako eskainiko dira: hilabete 1 (4 euro), 3 hilabete (10 euro), 6 hilabete (20 euro) eta urte 1 (40 euro). Erabiltzaile bakoitzak plaza bakarra erabili ahal izango du, eta segurtasun-itxitura eta bateriak kargatzeko konexio elektrikoa izango dituzten 8 kutxa gotor tenporizatu eta gehienez ere 12 orduz jarraian erabili ahal izango diren armairuak izango dituzte eskura. Halaber BiziPark-aren kanpoaldean erabilera libreko BiziPuntu bat jarriko da, konponketa txikietarako tresnaz eta puzte-kitaz hornitua. Aipatzekoa da, debekatuta egongo dela bizikleta bera ez den beste objekturik gordetzea.
360.000 euro Bizkaian sei aparkaleku seguru abiarazteko
Ekimen hau Bizkaian bizikletentzako aparkaleku seguruen sare bat zabaltzeko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Foru Sailak abian jarritako planaren parte da. Bizkaian bizikletaren erabilera erraztea da helburua, herritarrentzako garraio publikoaren modu osagarri gisa, bai bizikleta bakarrik erabiltzen dutenentzako edota bidaiak Bizkaibus edo EuskoTren bezalako garraiobideekin konbinatzen dutenentzako. Horretarako, 360.000 euro bideratu ditu guztira, eta Bizkaiko sei udalekin akordioak lortu ditu beste horrenbeste aparkaleku jartzeko.
Bermeoz gain, ekimen honekin bat egin duten gainerako udalak Barakaldo, Gueñes, Derio, Abadiño eta Zalla dira. Ermuan uztailean inauguratutakoarekin batera, aparkaleku seguruen foru sareak 7 BiziPark izango ditu martxan 2023aren amaierarako.
010 (94 617 91 00)