Albistea
Bermeoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren emaitzak aurkezteko hitzaldia emango dute martxoaren 15ean, asteazkenean, Belen Urangak, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak, eta Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko euskera teknikariak. Hitzordua Kultur etxean izango da arratsaldeko 19:00etan.
Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskera zinegotziak, azaldu duenez, Euskal Herrian bost urtetik behin herriko kaleetan euskararen neurketa egiten da. 100 bat euskal udalerrietako 350.000 lagun ingururen hizkuntza erabilera neurtzen da, hain zuzen ere.
“Lehenengoa 1989an izan zen, eta, orain, Bermeon 2016ko irailean eta urrian neurtu den 6.353 bermeotarren hizkuntzen erabileraren emaitzak aurkeztuko ditugu eguaztenean Kultur etxean”, azaldu du.
Bere esanetan, neurketak garrantzitsuak dira erabileraren datua hizkuntzaren egoera ezagutu eta baloratu ahal izateko ezinbesteko aldagaia delako. “Hizkuntzaren erabilera zein den jakitea funtsezko tresna da euskararen plangintzan eta normalizazioan lan egiteko”, gaineratu du.
Kale-neurketaren metodologiari dagokionez, Maite Alvarezek azaldu duenez, neurtzaileak inori ez dio ezer galdetzen, ibilbide eta ordu ezberdinetan entzuten duena erregistratzen du. Neurtzerako orduan kontuan hartzen da umeak, gazteak, helduak edo zaharrak diren eta bakoitzaren sexua ere bai. Horrez gain, umeak aurrean dauden edo ez ere kontuan hartzen da.
Euskara teknikariak azpimarratu duenez, kale-neurketak hizkuntza-erabilerak Bermeon azken 28 urteetan (1989-2017) izandako bilakaeraren berri ematen du, euskararen berreskurapenari begira hausnarketarako balio dezan. Hortaz, Agirrek eta Alvarezek herritar guztiak gonbidatu dituzte Bermeoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren emaitzak aurkezteko hitzaldira martxoaren 15ean, asteazkenean, 19:00etan.
010 (94 617 91 00)