Albistea
Udalak, eskumendun administrazioen eta eragileen arteko koordinazioa ezinbesteko ikusten du gunearen kudeaketa egoki eta eraginkorra bermatzeko
Bermeon, 2021eko uztailaren 30ean.- Gaurko Osoko Bilkuran, Udalbatza, Gaztelugatxeren zaintzarako erakundeen arteko koordinazio irekiaren alde agertu da aho batez. Horretarako, eskumendun erakundeei elkarlana eskaini eta koordinazino-gune batean lan egiteko eskatu die kudeaketa horretan inguruaren jasangarritasuna, ondarearen zaintza eta balioztapena, tokiko ekonomiaren suspertzea eta Gaztelugatxe eta Bermeoren arteko lotura historiko, natural eta emozionala bermatzea ezinbestekoak diralako.
Hori horrela, Udalak, ingurunearekin lotura duten eragileen koordinazio-gune bat eratzearen beharra ikusten du. Gaztelugatxeren zaintza xede, lantalde koordinatu baten aldeko deia luzatuz eta erakunde gisa, bere esku dauden neurri guztiak bultzatzeko borondatea adieraziz. Jakina denez, Udalak, turismo jasangarri baten aldeko apustua egin du eta hausnarketa sakon bat egitea eskatzen du biotopoak sortzen duen inpaktu ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoaren inguruan.
Ildo horretan, inpaktu horrek inguruko herrietan eragin nabarmenagoa izate aldera, neurriak sustatzeko eskaera eta konpromisoa luzatu die eskumendun erakundeei. Udalak, kalitatezko turismoa eta enplegua bultzatzu eta bide batez gure ondare kulturala eta naturala babesteko konpromisoa plazaratu du.
Horrez gain, azken 40 urteetan Gaztelugatxeko zaintzan aritu izan den bolondres taldearen lana balioan jarri nahi du Udalak. Egin duen lana eta erakutsi duen konpromiso sendoari esker, gaurko Gaztelugatxe, neurri handi batean beraiei esker mantendu izan baita. Bestalde, paisaia kultural izendapenetik kanpo gelditu diren ondareak, besteak beste, Matxitxako gudako kanoiak eta Nestor Basterretxearen eskultura zaintzeko elkarlana azpimarratu du.
Bermeotarren gotorlekua den Gaztelugatxe, herriaren nortasun, historia, tradizio eta sinesmenekin lotuta dago eta ezin da ulertu ezta ezagutu tradizio , historia eta sinesmen horiek ezagutu gabe. Bermeotarren ondare kulturala (material eta ez materiala) eta naturala babestea guztion erantzukizuna eta elkarlanean landu beharrekoa dela nabarmendu du Udalak.
010 (94 617 91 00)