Albistea
Besteak beste, Udalak ostalari, zerbitzu profesional eta komertzio txikiekin duen harremana estutu nahi du, euren egoera eta beharrizanak aztertu, diagnostiko eguneratu bat egin eta osasun eta segurtasun neurrien gaineko informazioa eman
Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu profesionalen artean 800 maskara banatuko ditu Udalak.
Bermeon, 2020ko maiatzaren 7an.- Bermeoko Udalak programa berria abiarazi du gaur. Pasa den astean herriko 70 urtetik gorako herritarrei zuzendutako ekimena martxan jarri ondoren, oraingoan herriko merkatari txikiei, ostalariei eta zerbitzu profesionalei bideratutako kanpainaren txanda da. Udalak sektore hauen egungo egoera ezagutu nahi du, euren beharrizanak aztertuz, diagnostiko eguneratu bat egiteko eta etorkizunera begira, beraiekin harremanetarako sarea indartzeko.
Izan ere, udaleko langileek banan-banan bisitatuko dituzte establezimendu hauek eta hartu beharreko osasun eta segurtasun neurrien berri emango diete. Horretarako, liburuxka bat prestatu du udalak, argibide guztiak biltzen dituena. Helburua da irekiera fase berrirako informazioa ematea, hartu behar dituzten neurriak azaltzea eta udalaren eta sektorearen arteko zuzeneko harremana estutzea. Gainera, udalak merkatari, ostalari eta zerbitzu profesionalek izan ditzaketen beharrizanak aztertuko ditu, euren egungo egoera zuzenean ezagutzeko.
Informazioa ematea eta jasotzea helburu duten bisita hauetan ere 800 maskara banatuko dira. Babeserako ekipo hauek Maier enpresaren bitartez lortu dira eta enpresa txiki bakoitzean bina banatuko dira, baldin eta beharra izango balute. Ekintza honekin langileek, negozioak berrabiarazteko orduan babes neurri egokienak izatea du helburutzat udalak.
010 (94 617 91 00)