Albistea
Bermeoko Udalak 2024. urteko indarkeria matxistaren datuak argitaratu ditu. Orokorrean, azken urteetako goranzko joerarekin jarraitzen dute indarkeria matxistaren datuek. Iazko datuek zertxobait beherantz egin duten arren, Bizkaiko lurraldeko datuekin alderatuta, kopuruak altua izaten jarraitzen duela azaldu du Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak.
Iazko datuei erreparatuta, Bermeoko Gizarte Zerbitzuek 26 emakume artatu zituzten, Ertzaintzaren aktuazioak 60 izan ziren (bikote edo bikote ohiak eragindako indarkeria aktuazioak 41, familia barrukoak 13 eta 7 sexu indarkeria).
Osakidetzari dagokionez, 2024ko lehen 6 hilabeteetan, ospitalean eta lehen arretan artatuko emakumeak 15 izan ziren. Azkenik, Aipatu beharra dago, Bermeoko Udaleko aholkularitza juridikoa 2024ko martxoan martxan jarri zela, eta ordutik, 13 emakumek erabili dute.
Bermeoko Udaletik gogorarazi gura da indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria ez ezik, lehen mailako arazo soziala ere badela. “Indarkeria matxista, hori jasaten eta aurre egin behar izaten dioten emakumeen eta LGTBI+ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da. Indarkeria matxista kasuak ez dira gertaera isolatuak, balio eta jokabide jakin batzuen babesean sortzen dira, hain zuzen ere, emakumeak gizonen mende bizi behar duten ideian eta emakumeei gizartean zenbait adierazpen eta portaera zigortu behar zaizkien ideian sustraitzen den sisteman oinarritutako jokabide eta balioen babesean”, adierazi du Berdintasun zinegotziak. Hartara, Bermeoko Udaletik argi eta garbi utzi gura da, “erabat gaitzesten dugula edozein indarkeria matxista mota”.
Argitaratu diren datuak indarkeria matxistaren adierazgarri ikusgarrienak dira, baina ezin dira ahaztu emakumeek euren egunerokotasunean jasotzen dituzten indarkeria egoera asko, “oraindik ere ikusezinak direla zenbaketa honetan”.
Datuen goranzko joera horren arrazoiak desberdinak izan daitezkeela aipatu du: “Alde batetik, indarkeria matxistaren gorakada adierazi dezake, eta bestetik, mugimendu feministak eta erakundeek egindako urteetako lanaren ondorioz, emakumeek indarkeria egoerak detektatzeko eta neurriak hartzeko tresnak eskuratu izana adierazi dezake”.
Bermeoko Udala, erakunde publiko modura, konprometituta dago berdintasunaren alde lanean jarraitzera, “indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta emakumeek eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek giza eskubideak oso-osorik bermatuta izan ditzaten”. Horretarako, Udalak herritar guztien berdintasun osoa ahalbidetuko duten politikak bultzatzeko konpromisoa hartzen du.
Bermeoko Udalak herritar guztiei eskatzen die indarkeria matxistaren aurka buru-belarri jardun daitezela, berdintasunezko Bermeo bat eraiki ahal izateko: “Indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura da”.