Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 2020rako aurrekontuen gaineko prozesu parte hartzailea abiarazi du

Udal Gobernuaren helburu nagusia da herritarren lehentasunak ezagutzea eta ahalik eta parte hartze handiena lortzea

Etxe guztietara bidaliko den inprimakia betetzeko azken eguna urtarrilaren 10a izango da. Hala ere, urtarrilaren 11 eta 12an kalean karpa bat jarriko da dokumentua etxean bete ez dutenek betetzeko beste aukera bat izan dezaten 

Bermeon, 2019ko abenduaren 20an.- Bermeoko Udalak herritarren iritzia ezagutzeko prozesu parte hartzailea abiarazi du gaur. Izan ere, bermeotarren lehentasunak zeintzuk diren jakin nahi du, 2020ko aurrekontuaren exekuzioan islatzeko. Prozesu honetan parte hartzeko inprimaki bat bete beharko da eta urtarrilaren 10a izango da kutxa itxi batean dokumentua sartzeko azken eguna.  

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo den inprimakia Bermeoko etxe guztietara bidaliko da eta, bertan, galdetegia erantzuteaz gain, adina, sexua eta kale edo auzoa besterik ez dira adierazi beharko. Baten batek galdetegiaren ale gehiago behar izanez gero, dokumentua Bermeoko udaleko webgunean eskegita egongo da deskargatu ahal izateko eta liburutegian, Berhazen edo kultur etxean ere eskuratu ahal izango da. 

Udal Gobernuak dokumentua bi ataletan banatu du. Alde batetik, 2020rako aurreikusitako 25 ekintza nagusi definitu ditu eta herritarrak bere lehentasunen arabera ordenatu beharko ditu 1etik 25era, ordenan, zenbakiak jarriz: 1, bere ustez, lehentasuna handiena daukan ekimenari jarriz eta 25 gutxien duenari. Besteak beste, ekintza nagusi hauek ordenatu beharko dira bakoitzaren lehentasunen arabera: edukiontzi guneak edertzea, hiri altzariak berriztea (farolak, jesarlekuak…), aparkaleku publikoak egiteko lurren erosketa, kiroldegiko larrialdietako eskilara egitea, auzoetako bideetan hobekuntzak egitea…  

Bestetik, inprimakiaren bigarren atalean, zazpi ekintza konkreturi buruz biztanleek euren lehentasunak idatzi beharko dituzte. Ekintza proposatu ostean (edukiontzi guneak edertu,

espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak egin, garbikuntza bereziak herriko guneetan burutu…) herritarrak galdera bati erantzun beharko dio. ‘Edukiontzi guneak edertu’ ekintza adibidetzat hartzen bada, herritarrari honako galdera egingo zaio kasu honetan: ‘zein gune uste dozu egokitu behar dala lehentasunez?’ 

Galdetegia non entregatu 

Inprimakia bete ostean, dokumentua liburutegian, Berhazen edo kultur etxean entregatu ahalko da. Urtarrilaren 10a izango da inprimakia emateko azken eguna. Hala ere, urtarrilaren 11 eta 12an (larunbat eta igandean) kalean karpa bat jarriko da dokumentua etxean bete ez dutenek betetzeko beste aukera bat izan dezaten. Ahalik eta parte hartze handiena lortzea da helburua herritarrek adierazitako lehentasunen arabera exekutatu ahal izateko 2020ko aurrekontua. Horrela, bada, Udal Gobernuak herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera eta beraien iritzia eta lehentasunak zuzenean adieraztera.

20 / 12 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0