Albisteak

Albistea

Harresia eta honek izan zituen zazpi ateetatik abiatuz, alde zaharreko kultura-ondarea berreskuratu, balioetsi eta ezagutaraziko du Bermeoko Udalak

- Alde zaharra inguratzen zuen harresiaren ateak zeuden lekuetan azalpen-panelak jarriko dira. Halaber, informazio-liburuxka bat egingo da alde zaharra bisitatzeko ibilbidea egingo dutenei emango zaiena

- Proiektu hau lantalde bikain, konprometitu eta profesional bati esker gauzatu ahal izan da. Lantalde hori Asier Romero EHUko irakasle eta kultur eragile bermeotarrak, Bittor Uriarte historialari bermeotarrak eta Rober Garay marrazkilariak osatu dute

Bermeon, 2023ko martxoaren 16an.- Bermeoko kultura-ondarea eta alde zaharra berreskuratzea, balioan jartzea eta ezagutaraztea da Bermeoko Udalak gaur goizean bertan aurkeztu berri duen proiektuaren helburu nagusia. Egitasmo honek beste urrats garrantzitsu bat suposatzen du herriko ondarearen balioztapenean, udalerriko bihotza den alde zaharra gune interesgarri bilakatzen lagunduko duena.

Bermeoko alde zaharrak duen ondare-balio handia aski ezaguna da; izan ere, gaur egungo alde zaharrak zehatz-mehatz islatzen du erdi aroko hiribildua, Bermeo Bizkaiko Jaurerriaren buru izan zen garaietakoa. Elkarrekin gurutzatzen diren kaleek eratzen dute Euskadiko alde historiko zaharrenetarikoa eta handienetarikoa.

“Proiektu hau urrats garrantzitsua da gure ondareari balioa emateko, eta, gainera, alde zaharra, gure herriaren bihotza, gune interesgarri eta bisitagarri bihurtzen lagunduko digun ekimena da”, adierazi du Aritz Abaroa alkateak.

Bere garaian, hiribildua defendatzen zuen harresiak zazpi ate izan zituen. Gaur egun, bakarra geratzen da zutik, San Juan portale. Horrela, Bermeoko Udalak udalerriko ondare historikoari balioa emateko eta denboraren poderioz desagertzen joan diren ate horien guztien historia berreskuratzeko proiektu bat landu du. Ildo horretan, ate bakoitza zegoen lekuan, panel bat jarriko da euskarazko eta gaztelaniazko azalpen eta irudiekin. Panel horietan, gainera, QR kode bat jarriko da, zeinaren bitartez panelean jasotako informazioa baino gehiago eskuratu ahal izango den.

Proiektu hau lantalde bikain, konprometitu eta profesional bati esker gauzatu ahal izan da, Asier Romero EHUko irakasle eta kultur eragile bermeotarrak, Bittor Uriarte historialari bermeotarrak eta Rober Garay marrazkilariak osatua. Alde batetik, Bittorrek eta Asierrek harresiari eta ateei buruzko informazio historikoa bildu dute, eta material hori guztia aztertu, landu eta prestatu dute herriari modu erraz eta didaktikoan aurkezteko. Horrela, informazio hori guztia oinarritzat hartuta, Rober Garayk ate bakoitzaren ikus-birsorkuntza prestatu du.

“Hiru profesional hauek Bermeoko historia ondo baino hobeto ezagutzen dute eta bere garaian gure alde zaharrean zegoena bikain islatzen jakin dute. Sekulako lana egin dute eta Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu euren jarrera eta elkarlanerako borondate handiagatik” adierazi du Aritz Abaroa alkateak.

Era berean, ateak zeuden lekuetan jarriko diren azalpen-panelez eta irudiez gain, ate guztien irudia eta informazioa jasoko duen liburuxka bat egingo da, bisitariei emango zaiena. Horrela, harresiaren ateen panelak bisitatuz, alde zaharretik zehar ibilbide bat egiteko aukera izango dute.

1334.urteko harresia

1334an, Gaztelugatxeren setioan, Alfontso XI.a erregeak Bermeo babes-horma batez inguratzea agindu zuen eta, horretarako, urteroko 2.000 marabedi eman zituen bost urtez.

Geroago, 1353an, Don Tello kondeak Bizkaiko jaunen antzinako alkazarreko harria eman zuen harresiaren eraikuntza bukatzeko. Eraikina Santa Eufemia elizaren inguruan hasi eta gaurko Lameraren ertzetik luzatzen zen. Hain zuzen ere, Ibarluzea tar Kosme kalean zegoen lehen portalea, Errenteria izenekoa. Ondoren, harresiak San Migel plazaraino jarraitzen zuen, non bigarren portalea zegoen, San Migelekoa.


Handik, Aldatseta kalearen hasieran zegoen San Frantziskoko portaleraino jarraitzen zuen, Erremedioko Atariraino (Kartzela Zaharra ere deitua) igo, eta 
Nardiz tar Jon kalearen sarreran zegoen Santa Barbarako portalera egiten zuen. Hesia, gaurko Arresi kaletik gora eginez, Nekazari kalearen sarreran zegoen Beiportaletik (Bakas edota Bakera ere deitua), San Juaneko atariraino luzatzen zen. Portale hori da gaur egun zutik geratzen den bakarra, beste guztiak XIX. mendean barrena eraitsi baitziren. Harresia Talako Andre Mariaren elizaren inguruan amaitzen zen.

16 / 03 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0