Albistea
-Programa honen helburua da ikasleei sare sozialen erabilera egokia egiteko tresnak eskaintzea
Bermeon, 2021eko urriaren 13an.- Bermeoko Udalak, onartuta duen Berdintasun Planeko helburuei jarraituz, 2021-2022 ikasturteari begira hainbat hezkidetza saio jarriko ditu martxan herriko 4 hezkuntza zentrotan. Saio horiek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBH-ko 2. mailako ikasleekin egingo dira eta beraien helburua izango da parte hartzaileei sare sozialen erabilera egokia egiteko tresnak eskaintzea. “Hezkidetza programa”ren lehen saioa urriaren 18an hasiko da eta, gainontzekoak, abendura bitartean egingo dira.
Gaur egun, sare sozialek garrantzi handia hartu dute gure gizartean. Noski, baita gazteen artean ere. Hala ere, honek ez du esan nahi erabilera egokia egiten denik. Lehen Hezkuntzatik, neska-mutilak tresna hauek normaltasun osoz erabiltzen dituzte eta errealitate berri horrek pertsonen arteko harreman-moduak aldatu ditu, eta horrek dakartzan fenomenoetan arreta jartzea oso komenigarria da. Arazorik kezkagarrienak, besteak beste, ziber-jazarpen sexista, eduki sexualen hedapena, identitate digital faltsuak eta abar dira. Horri guztiari aurre egiteko eta tratu onak sustatzeko tresnak eskaini nahi zaizkie Bermeoko gazteei saio hauen bitartez. Talde bakoitzarekin, 2 orduko formakuntza saioa egingo da.
Parte hartuko duten ikastetxeak izango dira:
- Eleizalde Ikastola
- San Frantzisko H.I
- Sagrado Corazon Ikastetxea
- Arozena Barrueta BHI
010 (94 617 91 00)