Albistea
Nagusien Eguna ospatuko da Bermeoko Sancti Spritus zaharren udal egoitzan, zapatuan, azaroaren 11n. Benito Ibarrolazak, Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidenteak, azaldu duenez, “jai horretan, egoiliarrak eurak direla eguneko protagonistak sentitzea nahi dugu”.
Jai egunari hasiera emateko 11:00etan meza ospatuko da, eta bertan nagusiek mezako irakurketak eta eskaintzak egingo dituzte. Horrez gain, bi egoiliarrei omenaldia egingo zaie, hain zuzen ere, Gonzalo Beaskoetxeari eta Felix Telletxeari, gaur egun udal zaharren egoitzan denbora gehien daramaten egoiliarrak baitira. Meza ostean, Sabino Anasagasti abeslariari omenaldia egingo zaio, egoitzan ia 50 urtetan mezan abestu eta organoa joten duelako.
11:30ean Alkartasuna dantza taldearen ikuskizuna ikusteko aukera egongo da, eta, ostean, 12:00etan Bermeoko abesbatzaren emanaldia izango da. 12:30ean Zaharren egoitzako koroak herriko abestiak abestuko ditu eta Konpartsa Izarra Erraldoi Txiki Bermeo (KIETB) taldeko erraldoi txikien bisita izango dute egoiliarrek.
Ostean, bazkaria eta horretan egoiliar eta senideek elkar gozatzeko aukera izango dute. Egun horretan, betiko moduan, senide barik dauden egoiliarrek boluntarioen laguntza izango dute.
Bazkari ostean festak jarraituko du dantza ikuskizunarekin eta ‘Erroxapeko martxa’-ren emanaldiaren gozatu ahal izango dute egoiliarrek eta senideek. “Egoiliarrak eta senideak egun polita igarotzea espero dugu”, adierazi du Ibarrolazak.
010 (94 617 91 00)