Albisteak

Albistea

Bermeo 'Itzulia Basque Country'ren helmuga eta irteera izango da apirilaren 3an eta 4an, hurrenez hurren

Irune Ormaetxea: “Mundu mailan ikusiko den kirol froga hau Bermeoko txoko ederrak erakusteko erakusleiho ezin hobea izango da”

 

 

Bermeo izango da aurten Itzulia Basque Countryren bigarren etaparen helmuga, apirilaren 3an, asteartean, eta hirugarren etaparen irteera apirilaren 4an, asteazkenean. Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol eta Turismo zinegotziak, adierazi duenez, “ohore bat” da Euskal Herriko Itzuliak Bermeon jomuga izatea; izan ere, “mundu mailan ikusiko den kirol froga hau Bermeoko eta Urdaibaiko txoko ederrak erakusteko erakusleiho ezin hobea izango da”.

Ormaetxeak gaur prentsaurrekoa eskaini du Bermeok Euskal Herriko Itzuliaren 58. edizioan izango duen protagonismoaren berri emateko. Berarekin batera egon dira Julian Eraso, Itzuliaren antolatzen duen Euskadi Txirrindularitza Antolakutzaren presidentea, Iñaki Mendia Eroskiko Eskualdeko supermerkatuen arduraduna, Arantza Laserna eta Mikel Uriona Bermeoko Eroski dendetako arduradunak, Joseba Mallea, Urremendi Landa Garapen elkarteko presidentea, Ainhoa Anduiza Campos-eko ordezkaria eta Construcciones Intxaustiko ordezkariak.

Ormaetxeak adierazi duenez, enpresa eta elkarte horien laguntza “ezinbestekoa” izan da Bermeo Itzuliaren helmuga eta irteera izateko. Horregatik, “guztiei Bermeok lehen mailako kirol ekintza hau hartzeko eman duten laguntza eskertu dizkie”. 

Kirol zinegotziak adierazi duenez “pozik gaude Itzulia hartuko dugulako eta herriko eta kanpoko txirrindularitza zaletu guztiek Bermeon Itzuliarekin gozatzeko aukera izango dutelako”. Gainera, bere esanetan,  Itzuliak “Bermeo gure herriko kale eta txoko eder asko zeharkatuko duenez, gure herriko altxorrak munduari erakusteko aukera eskainiko digu: Gaztelugatxe, San Juan Portale, Alde Zaharra, Bermeoko Portua, Lamera, Almika, Sollube…” Itzuliak eszenatoki ezin hobeak izango ditu gure herrian eta, txirrindulariak gure kaleak zeharkatzen ikustea, ikuskizun ederra izango da”, nabarmendu du. 

Apirilaren 3an 2. etapa izango da, Zarautz eta Bermeo artekoa (152,7 km-koa), hain zuzen ere, eta 15:55 eta 16:10 bitartean Bermeora heltzea aurreikusten da. Etapa hori Txibitxagatik sartuko da Bermeora eta Almikarantz egingo du. Hortik Mungiarantz egingo du, Mungiatik Bidebietas-etik etorriko da eta Bermeoko altxorra den Gaztelugatxe ondotik pasa ondoren Matxitxako bidetik helduko da 17:19 eta 17:42 bitartean eta Pergolan sari banaketa ekitaldia ospatuko da. 

Apirilaren 4ko etapa Bermeon hasiko da eta etaparik luzeena izango da, 184,8 kilometrotakoa, hain zuzen ere. Bermeoko Kaia bidean hasiko da 12:30ak inguruan eta Bermeon honako ibilbidea izango du: Lamera, Alde Zaharra, Arostegi, Nardiz tar Jon, Arresi, Intxausti, Doniene, Matxitxako bidea, Aritzatxu bidea, Zubiaur tar Kepa, Segundo Ispizua, Santamañe eta Txibitxaga.  Hortik Uribarri Gaubearantz egingo du, bertan izango baitu helmuga.  “Apirilaren 4an Bermeoko Alde Zaharrra eta Bermeoko beste hainbat txoko asko zeharkatuko ditu Itzuliak kirol ikuskizun ederra eskainiz”, azpimarratu du Ormaetxeak. 

Kirol ikuskizun hau Bermeon egin ahal izateko trafiko aldaketa batzuk ere izango direla zehaztu du. Horren berri emateko bandoak zabaldu dira eta informazioa banatu da auzoetan. 

Azkenez, Irune Ormaetxeak apirilaren 3an eta 4an Bermeon “ezinbesteko hitzordua” dagoela adierazi du eta pertsona guztiak gonbidatu ditu “gure herrira kirolarekin eta gure herriarekin gozatzera”. “Gozatu txirrindularitzaz eta bizi Bermeo”, azpimarratu du.

Itzulia Basque Countryri  informazio gehiago: www.itzulia.eus

23 / 03 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0