Albistea
· Egitasmoa Arrain Azokan aurkeztu da, arrantzaren arloko erakusleiho nagusietakoan, eta igandera arte hainbat ekintza berritzaile eskainiko ditu, atuna protagonista berezia izanik.
ARRAIN AZOKAN AURKEZTU DA
Gaurtik, maiatzak 18, igandera bitarte, maiatzak 20, egingo den Bermeoko XXIV. Arrain Azokak gaur ospatu du bere inaugurazio ekitaldia, eta bertan aurkeztu da Bermeo Tuna World Capital, erronka nagusia izanik maila globalean atunaren kudeaketa jasangarria sustatzea, ezagutzatik eta praktika onen lidergotik abiatuta.
Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, Bermeon, Euskadin eta nazioartean atunaren balio kateko eragile nagusiak inplikatzeko. Orain arte, egitasmoarekin bat egin dute Atunketari Izoztaileen Elkarteek (ANABAC eta OPAGAC); Bermeoko Arrantzale Kofradiak; hainbat kontserba enpresak (Salica, Serrats, Arroyabe eta Zallo); AZTI zentro teknologikoak, eta Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.
Hiriburutzak zientziaren eta arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatu nahi du, ondare historikoa berreskuratu, kudeatu eta zabalkundea egiteaz gain. Gainera, egitasmoarekin, Bermeo herriaren garapen ekonomikoa eta soziala ere bultzatu nahi da.
Bermeo kausa horren liderra da, bere tradizio historikoagatik, atunaren eta kontserben sektoreen eragin sozial eta ekonomikoagatik, eta mundu mailako erreferentea izateagatik arrantza jasangarriaren praktikarik onenetan. Gainera, atuna izozteko 50 ontzi eta baxurako 25 ontzi baino gehiago ditu, arrantza sistema jasangarriekin, eta MSCk markatuta hegaluzerako. Horrez gain, hainbat kontserba enpresaren egoitza da, baita ekipo ondasunen zenbait enpresa teknologikorena ere. Halaber, mundu mailako erreferentzia da, izan ere, tunido tropikalen munduko harrapaketen %10 baino gehiago egiten du, atunaren balio katean 1.250 milioi euro sortuta. Era berean, munduko ontzi atunketaririk moderno eta berritzaileenak, amaierako produktuaren ia %95ekin, made in Euskadi dira. Horrek zuzenean zein zeharka 6.000 enplegu baino gehiago sortzen du, diseinutik hasi eta ingeniaritzaraino, eraikuntzaren fase desberdinetatik igarota.
Kausa: atunaren kudeaketa jasangarria
Arrazoi ugari daude elkarteko kideek kausa honekin bat egiteko. Beste faktore batzuen artean, munduko populazioa handituko dela aurreikusita eta klima aldaketa kontuan hartuta, arrainaren per capita kontsumoa bider lau handituko da, eta zaila izango da eskaria asetzen, itsasoko baliabide natural gehienak gehieneko errendimendu jasangarrian daudelako.
Atuna proteina iturri natural eta osasungarria da, giza elikaduran oinarrizkoa, etorkizuneko belaunaldientzat bermatu beharrekoa. Gainera, ozeanoak garbi eta arrantzako baliabideak iraunkor mantentzea betebehar bat da. Horregatik, funtsezkoa da baliabide urri horren inguruan praktika onak sustatuko dituen mugimendu bat gidatzea.
Dagoeneko martxan dauden egitasmoen artean nabarmentzen dira GREAT TUNA RACEren lankidetza Bizkaiko Golkoko hegaluzearen merkatuan, gure itsasoak zein munduko ozeanoak garbitzeko egitasmoak, atunaren inguruko gastronomiari buruzko mundu Mailako Biltzar bat, eta atunean oinarritutako eskaintza turistiko bat konfiguratzea: kulturala, gastronomikoa, etnografikoa eta ingurumenekoa.
Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldia
Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian, azokaren esparruan urtero entregatzen den XXII. Hegaluze Saria banatu da. Aurten, Bermeoko atun izoztailearen sektoreak jaso du saria, “garai berrietara egokitzeko ahalmenagatik, bai ikuspegi teknologikotik bai ingurumenaren arloan egin dituzten urratsengatik, eta Bermeoren izena mundu mailan ezagutarazteagatik”, Arrain Azoka Elkarteko kide eta saria ematen duen epaimahaikide Bitor Agirrek azaldu duenez.
Horrenbestez, Inpesca, Atunsa, Pevasa, Nicra, Albacora, Garavilla eta Echebastar enpresek saria jaso dute Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Elkarteko lehendakari Idurre Bidegurenen eskutik, zeinak zoriondu egin dituen eta egindako lana aitortu, aldi berean nabarmenduz arrantza jasangarriaren alde egin dituzten aurrerapenak.
Bermeoko alkateak inauguratu du ofizialki Arrain Azoka, eta ondoren Gimnastika Xixili Taldearen emanaldi ikusgarriaz gozatu ahal izan da. Idurre Bidegurenek gogorarazi duenez, igandera arte, Bermeoko Arrain Azokak ekitaldi berritzaile andana bat eskainiko ditu, atuna hartuta protagonista berezitzat, Bermeoko kultura, historia, ekonomia eta itsasoari hain lotuta duen nortasuna ezagutu ahal izateko.
Urtero bezala, Bermeoko kultur taldeen eskutik, jai giroa izango da Arrain Azokaren beste osagaietako bat, euskararekin eta nobedade zientifikoen zabalkundearekin batera. Horrenbestez, Bidegurenek gogorarazi denez, “Arrain Azokan aukera izango dugu gure produktuak dastatu, ezagutu eta erosteko, 21 standetan, eta itsasoaren munduan murgiltzeko eta hori zaintzearen garrantzia ezagutzeko, jai giro paregabean, eta adin guztietarako pertsonentzako ekintzekin”. Horrela bada, alkateak pertsona guztiak gonbidatu ditu asteburu honetan Bermeora hitzordu saihestezinera joatera.
Bermeoko Arrain Azokaren programa osoa HEMEN ikus daiteke.
010 (94 617 91 00)