Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak udara begira eskaintza turistiko zabala prestatu du

Eskaintza honen helburua da bisitariari esperientzia interesgarriak eskura jartzea Bermeoko kultura, nortasuna eta ohiturak balioan jarriz

Bermeon, 2020ko uztailaren 3an.- Bermeoko Udalak udari begira eskaintza turistiko zabala prestatu du. Aurten ere, bisitariak non aukeratu izango du. Izan ere, asteko zazpi egunetan ekintzak eta bisitak egiteko aukera egongo da. Ekintzetako batzuk, gainera, Bermeo Tuna World Capitalekin batera landu dira. Helburua da turistari kalitatezko eskaintza zabala ematea eta Bermeoko kultura, nortasuna eta ohiturak balioan jarriz, bisitariari esperientzia interesgarriak eskura jartzea.

Ekimen guztiak itsasoa eta arrantzarekin lotuta daude, Bermeo bera ezingo bailitzake itsasorik eta arrantzarik gabe ulertu. Hauek dira, udari begira, Bermeoko Udaletik  bisitariari eskainiko zaizkion aukerak:

-Gaztelugatxera bisitak: egunero egin ahal izango dira. Ordutegia 10:00etatik 19:00etara. Hori bai, erreserba egitea beharrezkoa izango da (Https://www.tiketa.eus/gaztelugatxe). Sarrera doakoa. Oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen da Udaletik.

-Bermeo Tuna Tasting: hegaluzearen eta hegalaburraren gaineko tailerra eta dastaketa: Bermeo Tuna World Capital-ek antolatutako ekimen hau asteazkenetan egingo da, 11:00etan hasita. 10 euroko prezioa izango du pertsona bakoitzeko (prezioan txakoli kopa bat, hiru pintxo eta Arrantzaleen Museoan bisita sartzen dira). Topagunea Arrantzaleen Museoa izango da. Erreserbak egiteko: turismo bulegoan (turismoa@bermeo.eus), www.turismourdaibai.com/ms webgunean edo 94 617 91 54 telefonoan. Arrainari alergia izanez gero, erreserba egiterakoan informatzea eskatzen da. -Bermeo ezagutzeko beste ikuspuntu bat: bisitariak bi aukera izango ditu. Bietan, topagunea turismo bulegoa izango da (turismoa@bermeo.eus / 94 617 91 54). Ekintza hau Naturtek (www.naturtek.es) enpresarekin batera antolatu da eta, bertan, gure inguruan geologiak duen garrantzia ezagutzeko aukera izango dugu, historiaren eta monumentuen bidez.

1)       <u>Geologia historikoa eta monumentala</u>: asteazken (18:00) eta larunbatetan (11:00-17:00) egingo da. Prezioa 6 eurokoa izango da.

2)       <u>Talapeko marearteko zabalgunea eta arroka bidaiariak</u>: igandetan egingo da, marearen arabera (11:00 edo 17:00). Prezioa 3 eurokoa izango da. Mendirako botak eramatea eta sasoi onean egotea gomendatzen da.

 

-Itsasoa gozatzen: Mundakako itsasadarra kanoetan ezagutzeko plan dibertigarri hau astearte eta ostiraletan egingo da. Ordutegia, marearen arabera. 18 euroko prezioa izango du ekimenak eta, hemen ere, topagunea turismo bulegoa izango da. Bainujantzia eramatea gomendatzen da. Urdaibai Kiroleroak enpresak antolatutako ekimena da (www.urdaibaikiroleroak.com).

-Itsasoratzen gara: Hegaluze (www.hegaluze.com) eta Bay of Biscay Sailing-ekin (www.bayofbiscaysailing.com) batera egindako ekintza honi esker, Gaztelugatxe, Matxitxako eta Izaro ikusi ahal izango ditu bisitariak itsasotik. Prezioak ezberdinak izango dira eta planak baita ere. Topagunea Portu zaharra izango da (Olatu eskulturaren atzeko pantalanean) bi kasuetan.

3)       <u>Hegaluze</u>: ordu beteko irteera (13 euro nagusiek eta, umeek, 8 euro). Itsasontzitik Izaro eta Elantxobe edo Gaztelugatxe ikusi ahal izango ditu bisitariak.

4)       <u>Bay of Biscay Sailing</u>: 2 ordu eta erdiko irteera (37 euro). Katamaranean Izaro eta Elantxobe edo Matxitxako eta Gaztelugatxe ezagutu ahal izango dira.

 

-Arrantzaleen kofradiara bisitak: emakumeen begirada arrantzaren ekonomian: ostiral (18:00) eta larunbatetan (11:00) egingo den egitasmo honek 10 euroko prezioa izango du, dastaketa barne. Bertan, bisitariek sareginen eta neskatilen eskutik Bermeo eta arrantzari buruzko informazioa jasoko dute. Topagunea Arrantzaleen Kofradia izango da eta erreserbak turismo bulegoak bideratuko ditu. Alergiarik izatekotan, aurretik jakinaraztea eskatzen da.

03 / 07 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0