Albisteak

Albistea

Bermeoko Udaltzaingoak udan seguru bidaiatzeko gomendioak luzatu ditu

Sare sozialen bidez oporretan goazela ez komentatzea, auzokide edo konfiantzazko norbaiti kanpora goazela informatzea edo garrantzizko objektuak ondo gordetzea dira gomendioetako batzuk

Bermeon, 2020ko uztailaren 16an.- Uda garaian herritar asko oporretan joaten dira. Horietako batzuk, gainera, hilabete osorako doaz kanpora. Ondorioz, euren etxeak asteetan zehar hutsik geratzen dira eta, hau dela eta, lapurretak izateko aukerak handitzen dira. Hau honela izanda, Bermeoko Udaltzaingoak gomendioak luzatu ditu, gure esku dauden zenbait neurri etxetik atera baino lehen hartu ditzagun. “Ez gara segurtasunarekin erotu behar. Neurri txiki batzuk hartuta, nabarmen beheratzen dira bermeotarren etxeetan lapurretak izateko aukerak”, azaldu du herriko udaltzainburu Aritz Floresek. Hauek dira gomendioak.

Sare sozialen bidez gure planen berri ez eman. Gaur egun, sare sozialak oso hedatuta daude eta askotan ohitura dugu gure planen berri emateko. Bada, gomendioa da gure oporren berri ez ematea.

Auzokideen eta Udaltzaingoaren arteko kolaborazioa bultzatu. Gure auzokidearen etxean susmagarria izan daitekeen zerbait ikusten badugu, udaltzaingoari deitu. Elkarlan hau ezinbestekoa da lapurreta asko ekiditeko. Kanpora bagoaz, auzokideak informatu, oporretan gaudela jakin dezaten.

Etxe barruan ahalik eta diru gutxien utzi eta balore handia duten objektuak (ibilgailuen giltzak, kreditu txartelak, bankuko pasahitzak...) ondo gorde, ahal izanez gero, segurtasun kutxa batean. Objektu hauen argazkiak eta datuak (serie-zenbakia, marka eta modeloa...) ahal bezain ondo gorde, lapurtzen badituzte errazago identifikatu ahal izateko.

Etxeko sarrera guztiak behar bezala itxi ditugula egiaztatu, nahiz eta irteera laburra izan. Etxeko ateak eta leihoak behar bezala itxi ditugula ikusi beharko dugu oporretan joan aurretik.

Etxean norbait dagoenaren itxura eman. Ez da ideia txarra argiak edota irratia bezalako gailuak programatuta uztea. Gainera, auzokideei gure gutunak biltzeko eskatzea gomendatzen da.

Ezezagunekin oporren gainean ez hitz egin. Ez da ideia ona ezagutzen ez dugun jendearekin gure planen gainean hitz egitea.

Gomendioak bidaiatzerako orduan:

Kanpora bidaiatzerakoan ere zenbait kontu izan beharko ditugu kontuan. Bermeoko Udaltzaingoak honakoak proposatzen ditu:

NAN-a edota pasaportea gainean eraman.

Ekipajea (maletak, motxilak...) beti identifikatuta eraman eta ez galdu inoiz bistatik. Leku jendetsuetan poltsoa, zorroa eta kamerak edo mugikorrak ondo zaindu.

Bidaian zehar, diru gutxi eraman soinean eta saiatu beti kreditu txartelak erabiltzen.

Ibilgailua erabiltzen baduzu, ez utzi bistan baliozko objekturik eta ez batu bidean topatutako ezezagunik. Deskantsu guneetan eta gasolindegietan gelditzerakoan ibilgailuaren motorea gelditu, giltza kendu eta ibilgailua itxi.

Oporretan egongo garen hotel edo apartamentuan, etxebizitzan hartzen diren neurri berdinak hartu: ateak eta leihoak itxi, baliozko gauzak gorde...

Beti gogoan izan COVID-19a dela eta bidaiatzen dugun tokietan hartu diren neurriak.

16 / 07 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0