Albisteak

Albistea

Institutuko sarbidean bide bazterreko babesak eta abiadura gutxitzeko bandak jartzea eskatu dio Udalak Bizkaiko Aldundiari

 

Segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Bermeoko institutuko sarbidean bide bazterreko babesak eta errepidean abiadura gutxitzeko bandak jartzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Horrela azaldu du Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Udaltzaingoko eta  Zerbitzuetako zinegotziak. 

Ibarrolazak zehaztu duenez, luzatutako eskaeran, Bermeotik Mundakarako bidean jarritako bide bazterreko babesak bezalakoak jartzea eskatu dio Udalak Aldundiari. 

Alkateordeak gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, institutuko zuzendaritzaren eta Bermeoko Udalaren arteko batzarren ondorioz, inguru horretan jadanik segurtasuna bermatzeko lan batzuk egin dituzte. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak institutuko albo batean sarbide berria jarri du; eta Bermeoko Udalak horra heltzeko bidea egokitu du, eta argiteria ere hobetu du. 

Benito Ibarrolazak azaldu duenez, lan horiek egin ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiari – errepidea bere eskumena izanda- segurtasuna indartzeko bide bazterreko babesak jartzeko eskaera egin zion Bermeoko Udalak, “baina bere erantzuna ezezkoa izan zen”. 

Ildo honetan, ohartarazi duenez, nahiz eta toki horretan 30 km/o debekua ezartzen duen seinalea egon, “debeku hori ez da errespetatzen”. “Horregatik, ezinbestekoa da bestelako neurri batzuk hartzea istripuak saihesteko eta segurtasuna bermatzeko”, azaldu du. 

Hori dela eta, Bermeoko institutuko sarbidean bide bazterreko babesak eta errepidean abiadura gutxitzeko bandak jartzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. “Espero dugu gure eskaera kontuan izatea, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beharrezkoak diren neurri hauek hartzea, herritarren segurtasuna jokoan baitago”, azpimarratu du.

 

16 / 01 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0