Albistea
-“Bi urte luzeren ostean, aurten bermeotarrontzako horren berezia den San Juan Eguna normaltasunez bizi ahal izango dugu. Hala ere, saiatu gaitezen jende gehien pilatzen diren orduak ekiditen bertan itxaroten ez egoteko”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak
-Gainera, Bermeoko Udalak autobus zerbitzua eskainiko du nahi duten bermeotarrek erabili ahal izateko
Bermeon, 2022o ekainaren 15ean.- “Bi urte luzeren ostean, aurten bermeotarrontzako horren berezia den San Juan Eguna normaltasunez biziko dugu. Bertara erromes modura joateko aukera izango dugu, bakoitzak bere erara, baina bermeotar guztiok amankomunean dugun ezaugarri batekin: Gaztelugatxe zainduz eta gure ohiturak balioan jarriz”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Izan ere, pandemia garaia gaindituta, datorren ekainaren 24an Gaztelugatxera igotzeko aukera egongo da.
“Gogorarazi behar da duela urtebete bertan lur-jausi bat gertatu zela. Biotopoa zabalik badago ere, bertako lanak ez dira bukatu eta gure ohituraz modu seguru, lasai eta biotopoarekiko errespetuzkoan gozatu ahal izateko, geologo eta teknikarien irizpideak jarraituz, gune batzuetan (obratan dauden guneetan, eskaileretan eta uhartean bertan) jende pilaketa handiak ekidin eta segurtasun protokoloetan jasotako aforoak errespetatu beharko ditugu. Hori horrela, uhartean eta eskaileretan ezingo dira 340 lagun baino gehiago elkartu. Pertsonen joan-etorriak modu seguruan egin eta protokoloak betetzen direla bermatzeko zaindari eta bolondresak egongo dira bisitariei laguntza eskaintzen. Hala ere, garrantzitsuena da bermeotarrok, gure ohiturei jarraituz, beste urte batez ere bertara joateko aukera izango dugula. Guretzat oso egun berezia da eta berriz ere normaltasun osoz ospatu ahal izango dugu”, jarraitu du Abaroak.
Aforo muga horietara ez iristeko, Bermeoko Udalak jende gehien pilatzen diren orduak ekiditeko deia luzatzen du, bertaratzen garenean zain egon ez gaitezen. Egun hori herriko ospakizun sozio-kulturaletarako erreserbatuta dagoenez, jende pilaketak egotekotan, bermeotarrek izango dute bertara sartzeko lehentasuna.
“Gaztelugatxe eta bere ingurua babestutako tokia da eta bereziki zaindu behar dugu. Hori dela eta Bermeoko Udalak bertara joan eta bertatik herrira bueltatzeko autobus zerbitzua eskainiko du nahi duten bermeotarrentzako. Helburua da bertara kotxez ez joatea. Askok, noski, ohiturei jarraituz oinez egingo dute bidea baina nahi duenak aukera hau ere izango du. Udalaren autobus zerbitzua, orduro, goizeko 8etatik 14etara bitartean egongo da. Zerbitzu hau erabat doakoa izango da bermeotarrentzako. Geltokiak Lamera, Azoka, Matxitxako Bidea eta Gaztelugatxe izango dira”, bukatu du Abaroak.
010 (94 617 91 00)