Albistea
-Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatutako Irakurleen Txokoan literaturan interesa duten pertsonak elkartu eta euskaraz idatzitako liburu baten gainean hitz egiten dute
-Antzerki Tailerrak berriro irekiko ditu ateak irailetik ekainera bitartean eta bertan parte hartu nahi duten pertsonek Berhaz bulegoan eman beharko dute izena
Bermeon, 2020ko irailaren 24an.- Irakurleen Txokoak eta Antzerki Tailerrak laster emango diote ikasturteari hasiera, hori bai, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak zorrotz betez. Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoa urriaren 22an hasiko da eta Antzerki Tailerra, aldiz, 2020ko irailaren 30etik 2021ko ekainera bitartean egingo da. Lehenbizikoan izena emateko azken eguna urriaren 21a izango da eta bigarrenean parte hartu nahi duenak irailaren 29era arte izango du aukera.
Irakurleen txokoan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskaraz idatzitako liburu bati buruz hitz egiten dute. Horretarako, Arrate Egaña idazlearen laguntza izaten du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du. Taldea hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean elkartzen da Udal Liburutegian (18:30etik 20:00etara). 2011n hasitako ekimen honetan parte hartzea doakoa da eta Udal Liburutegian eman beharko da izena. Interesatuek bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar. Gainera, hileroko dinamikaz gain, urtean zehar idazle batekin solasaldia ere egingo da idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko.
Guztira, aurten, 8 liburu irakurriko dira eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko da. Hori bai, denak izango dira euskaraz idatzitakoak edota euskarara ekarritakoak. Ekimen honen helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
Gainera, larunbat honetan, maiatzean Asel Luzarraga idazlearekin egin ez zen solasaldia egingo da. ‘Gezurra odoletan’ bere liburuaren gainean ariko dira bertaratzen diren irakurleak. Elkarrekin bazkalduko dute eta bazkalostean liburuaz idazlearekin zuzenean berba egiteko aukera izango dute.
Antzerki Tailerra:
Antzerki Tailerrak, berriz, segida emango dio iazko lanari eta Jon Ander Urresti aktoreak gidatuko duen tailerra 19:00etatik 21:00etara egingo da Bermeoko Kultura Etxean. 2020ko irailaren 30ean hasi eta 2020ko ekainean bukatuko da kurtsoa. Ekimen honetan izena emateko epea irailaren 29an bukatuko da.
Tailerrean, besteak beste, honakoak landuko dira: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo da eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jarri nahi dira.
Antzerki Tailerraren helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea. Tailerrean, antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasunak landu nahi dituzten 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Ekimen honetan 115 euroko matrikula ordaindu beharko da eta izena emateko Berhaz bulegotik pasa beharko da.
010 (94 617 91 00)