Albisteak

Albistea

Bermeoko Arraun Elkarteko II Ikurrina eta Izaroko I Ikurrina ospatuko dira larunbatean, abuztuaren 8an

Bermeoko Arraun Elkarteko II Ikurrina estropada ospatuko da larunbatean, abuztuaren 8an, arratsaldeko 17:00etan Bermeon. KAE 2 ligako estropada hau egin aurretik, beteranoen Izaroko I Ikurrina egingo da 16:00etan Bermeon. Bi estropada hauekin Bermeok 1912ko abuztuaren 12an gertatutako Galarrenaren ondorioz hildako 143 arrantzaleak omendu nahi dira.  

Aingeru Astuik Bermeoko Kultura zinegotziak, Agustin Aranburuk, Bermeoko Arraun Elkarteko lehendakariak eta Idoia Platasek Bermeoko Arraun Elkarteko kideak, besteak beste, prentsaurreko bat eskaini dute bi estropada hauek aurkezteko.  

Azaldu dutenez, KAE 2 ligako Bermeoko Arraun Elkarteko II. Ikurrina estropadan 14 taldek parte hartuko dute: Bermeo, Mundaka, Arkote, Getxo, Iberia, Lutxana, Castro, Colindres, NT2 Hondarribia, Donostiarra B, Zumaia B, San Pedro, Hibaika eta Oiartzunek, hain zuzen ere. 

Ildo honetan, nabarmendu dutenez, “Bermeoko harrobiaren fruitua da Bermeok duen trainerua, gazte bermeotarrekin osatutakoa. Benetan poztekoa da horrelako traineru bat izatea gero elitera saltoa emateko”. “Bermeoko herriarentzat  poztekoa da KAE 2 ligako  estropada hau. Bermeoko II Ikurrinak gure herrian arraunak duen indarra erakusten duelako”, gaineratu dute.  

Horrez gain, Bermeok beteranoen Izaroko I. Ikurrina ere hartuko du. Lehenengo tandan Deusto, Zarautz, Fortuna eta Sestaoko taldeek parte hartuko dute eta bigarren tandan Arkotek, Zumaiak, Zierbenak eta Getxok.  

“Giro aparta izango dugu Bermeon bi estropada hauekin eta pertsona guztiei eta estropadara etorriko diren zaletu guztiei ongietorria eman nahi diegu, seguru gaude kirol ikuskizun hauekin guztiok disfrutatuko dugula Bermeon”, azpimarratu dute.

 

 

 

 

 

 

06 / 08 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0