Albistea
Astelehenean hasi eta datorren zapatura bitartean, Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxea Tik Tak Tok astean murgilduta dago. Lehen Hezkuntzako 3 eta 6. maila bitarteko ikasleei zuzendutako jarduera da, eta ikasleez gain, gurasoak eta irakasleak ere parte hartzen ari dira. Ekimen honen helburua da denon artean ikaskuntza komunitatea sortzea eta pantailen erabilera egokia sustatzea.
Tik Tak Tok astea San Frantzisko Herri Ikastetxea, Familia Elkartea eta Bermeoko Udalaren elkarlanari esker sortutako ekimena da. Programa pilotua da Herri Ikastetxearekin batera prestatutakoa, ikastetxearen eskaera zehatz bati erantzuna emanez. Besteren artean, aste honetan honakoak lantzen ari dira: sare sozialak, bideojokoak, erabilera onaren dekalogoa...
Bermeoko Udalaren Gazteria sailetik azaldu dutenez, San Frantzisko Herri Ikastetxea Bermeoko Udalaren Adikzioak Prebenitzeko Zerbitzuarekin eta kale hezitzailearekin harremanetan jarri zen, zerbait berritzailea egin gura zutela esanez, ikasleak, familiak eta irakasleak inplikatuz.
Ikasleak eskola orduetan lantzen ari dira gai desberdinak, eta ordubeteko tailerrak dira. Hain zuzen ere, 7 tailer dira LH 3 eta 4. mailetan, eta 6 tailer LH 5 eta 6. mailetan. Azken bi hauetan, irakasleek eta gura edo ahal duten gurasoek parte hartzen dute. Aste guztiko tailerrei amaiera emateko, zapatuan, 11:30etik 13:30era, ginkana bat egingo dute, astean zehar landutako guztia bateratzeko. Horretan bai batuko dira, ikasle, irakasle eta gurasoak.
Programa honen izena, TikTok sare sozialetik, Tik Tak erlojuaren soinutik eta TIC/IKT-etik dator, izan ere, proiektuaren helburua pantailen erabilera egokia sustatzea da.
Bermeoko kale hezitzailea eta Adikzioen Prebentziorako teknikariak arduratzen ari dira proiektua gidatzeaz, eta Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatzen da. Eurekin harremanetan jarri gura izanez gero, bide desberdinak daude:
-Adikzioen Prebentziorako Zerbitzua:
Programa amaitzen denean, balorazioa egingo da, eta ondo ateratzen baldin bada, jarraipena emateko asmoa dagoela iragarri dute Gazteria sailetik.