Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak gazteei zuzendutako lau ikastaro antolatu ditu iraila eta urrirako

 

 Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak datozen egunetan hasiko diren lau ikastaro antolatu ditu, hain zuzen ere, Ur-sorospen eta Kanpoko Desfibrilagailu Automatikoaren (KDA-DESA) birziklapen ikastaroa; Aisialdiko Begirale ikastaroa; Zeinu Hizkuntza ikastaroa eta Supermerkatuetarako eta Hipermerkatuetarako salmenta, kutxa eta apal betetzaile ikastaroa.

Ur-sorospen eta Kanpoko Desfibrilagailu Automatikoaren (KDA-DESA) birziklapen ikastaroari dagokionez, bihar, irailaren 24an, zapatuan, izango da, Bermeoko Areneko kiroldegian, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak eta Udalaren Kirol Patronatuak antolatu dute lehen aldiz mota honetako ikastaro bat. Horren iraupena 10 ordukoa izango da.


Ikastaroaren helburua sorosleen gaitasun fisikoak, teknikoak eta mentalak ebaluatzea izango da, aurreko ikastaroetan lortutako konpetentziak eguneratuz, sorosle lanetan modu seguruan jarraitu ahal izateko. Ikastaroa erabat praktikoa izango da eta ikasleek sorosle moduan lan egiteko erabiltzen dituzten lan-konpetentziak eta ezagutzak erakutsi beharko dituzte.


Lehen laguntzen edo sorospeneko edukiak, ospitale aurreko larrialdietan esperientzia daukan mediku edo erizain batek emango ditu. Ur-sorospeneko edukiak, aldiz, Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioko irakasle bezala homologatutako sorosle baten esku egongo dira.


Ikastaroaren matrikula 100 eurokoa da. Dena dela, ikasleak aurretik daukan titulua RFESS-arena (Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioa) bada, erdia bakarrik ordaindu beharko du, 50 euro, alegia. Izen-ematea Bermeoko GIZen (Gizarte eta Kultura Etxea) egin behar da.

Ikastaroa amaitzerakoan, Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioaren agiria lortuko dute ikasleek, desfibrilagailuaren erabilera barne.

Aisialdiko Begirale ikastaroa

Bestalde, Aisialdiko begiralea izateko ikastaroa antolatu du Bermeoko GIZek, bederatzigarren urtez jarraian. Ikastaroa urriaren 22tik 2017ko maiatzaren 13ra arte izango da, 16 asteburutan.

Eskolak, bariku arratsaldeetan (18:30-21:00) eta zapatuetan (10:00-13:15 eta 16:00-19:15) izango dira, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Ikastaroak 200 ordu teoriko-praktiko eta 120 ordu praktiko izango ditu eta praktikak Bermeon burutzeko aukera egongo da.


Partaide guztiek 18 urte izan beharko dituzte edo adin hori bete beharko dute ikasturtean zehar. Ikastaroa burutzerakoan, Eusko Jaurlaritzak luzatutako Titulu Ofiziala lortuko da.

 
Prezioari dagokionez, Bermeon erroldatutakoentzat 300 euro (lau asteburuko aterpeak barne) izango dira eta beste herrietakoentzat 350 euro (lau aterpeak barne). Hala ere, aurten, titulua lortzen dutenei Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduko die. Izen-ematea urriaren 18ra arte edo plaza kopurua bete arte dago zabalik GIZen.

Gaztedi Busturialdea programako ikastaroak

Busturialdeko gazteei zuzendutako ikastaro ezberdin bi antolatu dira urrirako, 'Lana bilatzea, Lana da' programaren barruan. Supermerkatu eta Hipermerkatuetarako Salmenta, Kutxa eta Apal Betetzaile ikastaroa batetik, eta Zeinu Hizkuntza ikastaroa, bestetik. Lehenengoa Bermeon eskainiko da eta bigarrena, berriz, Gernikan, urriaren 13tik aurrera.

Supermerkatuetarako eta Hipermerkatuetarako salmenta, kutxa eta apal betetzaile ikastaroari dagokionez, urriaren 13tik 28ra izango da Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara.

Iraupena 120 ordu izango da, 60 orduko atal teorikoa burutu ostean, azaroan, 60 orduko praktikak egin beharko dira eskualdeko supermerkatuetan. Matrikula Bermeo, Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 35 urtetik beherako gazteentzat 100 euro izango da. Hala ere, ikastaro amaieran %80tik gorako asistentzia izan dutenei matrikula osoa itzuliko zaie.

Gainerako herrietan erroldatutakoentzat eta 35 urtetik gorakoentzat 150 euro izango da. Kasu honetan, ikastaro amaieran %80tik gorako asistentzia izan dutenei 100 euro itzuliko zaie. 

BestaldeZeinu Hizkuntza ikastaroa (1. Maila – A2), urriaren 13tik abenduaren 1era izango da Gernikan, 10:00etatik 13:30era, astelehenetik barikora. Ikastaroaren iraupena 140 ordu izango da, 120 ordu presentzial eta 20 ordu ez presentzial. Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua lortuko da.

Matrikula 100 euro izango da 35 urtetik beherako Bermeo, Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako gazteentzat. Ikastaro amaieran %90tik gorako asistentzia izan dutenei matrikula osoa itzuliko zaie.

Gainerako herrietan erroldatutakoentzat eta 35 urtetik gorakoentzat, aldiz, 150 eurokoa izango da. Ikastaro amaieran %90tik gorako asistentzia izan dutenei 100 euro itzuliko zaie.

Ohiko moduan, 'Lana bilatzea, Lana da' programan parte hartzen duten herrietako 16 eta 35 urte bitarteko gazteek lehentasuna izango dute aipatutako ikastaroetan. Izena emateko epea urriaren 6ra arte edo plaza kopurua bete arte egongo da zabalik, Bermeoko GIZen. Plaza kopurua mugatua da.

Ikastaro bi horiek, Bermeo, Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako Udaletako Gazteria Sailek antolatu dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren 'Gaztedi Busturialdea' programaren barne.

23 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0