Albisteak

Albistea

Bermeoko udalak Gobernantzako Bikaintasuneraren 2018ko Europako Labela lortu du

·Idurre Bidegurenek zigilu honek Bermeoko Udalean “kudeaketa aurreratuan eta berrikuntzan aspaldi egiten ari garen lana aitortzen” duela adierazi du.

· Azken urteotan herritarren eta administrazioaren arteko harremana estutzea izan dutela helburu azpimarratu du Bermeoko alkateak

 

 

Bermeoko Udalak Gobernantzako Bikaintasunaren 2018ko Europako Labela lortu du eta gaur goizean EUDELek Bilbon duen egoitzan egindako ekitaldian, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, jaso du EloGe 2018 zigilua.  Bidegurenek adierazi duenez, zigilu honek Bermeoko Udalean “kudeaketa aurreratuan eta berrikuntzan aspaldi egiten ari garen lana aitortzen du”.

Bermeoko Udalak eta Legazpiko Udalek jaso dute gaur  ELoGE 2018 zigilua. Bi udal horiek beste bost udal aitzindariekin egingo dute bat (Basauri, Ermua, Leioa, Irun eta Urnieta). Horiek izan ziren, aurreko martxoan, Europako Kontseiluaren goreneko bereizgarria jaso zuten Euskadiko lehen udalak, berrikuntza demokratikoaren eta Gobernu Onaren alorrean dituzten jardun aurreratuak direla-eta.

2017 eta 2018 bitartean, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Europako Kontseiluak –ELoGE Bikaintasunaren Labelaren bultzatzailea– elkarrekin jardun dute Euskadiko udal interesdunen hautagaitzak prestatzeko bi proiektu pilotutan. Orain arte, Europa osoko 200 udalerrik baino ez dute zigilu hori, eta horien artean bakarra da Espainian.

Bermeo eta Legazpirekin batera, gaur egun Euskadiko 7 udalek osatzen dute, guztira, Europako Kontseiluaren aparteko zerrenda. Horrek bermatzen du erakunde horiek bikainak direla "goreneko gardentasunari, kalitateari eta eraginkortasunari dagokienez".

“Ildo beretik lanean jarraitzeko pizgarria”

 Idurre Bidegurenek Bikaintasunaren 2018ko Europako Labela lortzea oso albiste ona dela azpimarratu du. “Azken urteotan herritarren eta administrazioaren arteko harremana estutzea izan dugu helburu, xedeak lortzea garrantzitsua delako, baina horiek zelan lortzen diren ere bai. Horregatik gauzak beste era batera egiten saiatu gara eta, bikaintasunerako bidean, udal onenen artean egotea erronka interesagarria izan da”, nabarmendu du.

Ildo horretan, adierazi duenez, erronka honek “elkarlanerako aukera eskaini digu, egindakoa neurtzeko balio izan digu, pauso sendoagoak emateko indarrak hartu ditugu eta ahultasunak identifikatu eta hobekuntzarako ideiak landu ditugu”, gaineratu du.

 

Bidegurenek nabarmendu duenez, gaur jasotako sari honek “gobernantzan egindako ahalegina herritarrei ezagutarazten lagunduko digu” “Eraikinak, jolasguneak edota biribilgune bat egiten direnean emaitza erraz ikusten da, ez, ordea,  kudeaketan ematen diren aurrerapausoak. Bikaintasunerako Europako Label honek egindako lana balioan jartzen du eta ildo beretik lanean jarraitzeko pizgarria da”, nabarmendu du. 

<u>ELoGE, Euskadiko toki errealitatera egokitutako tresna bat </u>

ELoGE Labelaren 2017ko eta 2018ko bi proiektuetarako, EUDELek Euskadiko udalen errealitate espezifikora egokitu zuen Europako metodologia estandarra, baita 5.000 biztanletik beherakoenera ere, eta kontuan hartu zuen Gobernantzaren eremuan egindako lana ez dela berdina izan guztietan (gardentasun atariak, jokaera kodeak, parte-hartze organoak eta sistemak...).  

Proiektu pilotu horrek autoebaluaziorako tresna bat ekarri du ondorioz, Europako Kontseiluak definitutako Gobernu onaren 12 printzipioei buruzko 97 adierazlerekin. ELoGE Labelak toki gobernuei proposatzen die beren jardunbideek eta politikek hamabi printzipio horiek betetzen dituzten egiaztatzea, eta, horretarako, ondo definitutako irizpide (adierazle) zerrenda bat finkatzen du, udalek erreferentzia gisa har dezaketena.

Parte-hartzaile guztiek oso modu positiboan baloratzen dute bai benchmarking metodologia, taldeko emaitzak udalen artean konparatzeko aukera ematen duena, bai adierazleen tresna, udal bakoitzaren autoebaluazioan laguntzen duena.

Balantzearen txostenak, halaber, ELoGEren etorkizuneko edizioetan egin litezkeen zenbait hobekuntza eskaintzen ditu, besteak beste: informazio publikoa udal webguneetan eguneratuta edukitzea (gardentasun atariak), kargu politikoentzat eta zuzendarientzat Jokabide Kodeak gauzatzea, herritarren eskubideak eta zerbitzuen kalitateari dagozkion konpromisoak bilduko dituzten Zerbitzu Gutunak argitaratzea, ikuskaritza independenteen mende jartzea (Kalitatea, Berdintasuna, DBLO...) edota Prestakuntza Planak bultzatzea, udal langileak beren errendimendua etengabe hobetu dezaten motibatzeko eta orientatzeko.

 <u>Gobernantza Onaren 12 printzipioek</u> era askotako gaiak biltzen dituzte, hala nola ordezkaritza eta parte-hartzea, giza eskubideen errespetua, aniztasuna eta gizarte-kohesioa, hautagaien jokabide etikoa, gardentasuna eta berrikuntzaren aldeko apustua, herritarrei zerbitzu hobea emateko gai izango diren erakunde gero eta lehiakorragoak eta eraginkorragoak lortzeko. 

<u>Galdetegiak udal gobernuei eta herritarrei: </u>

Osagarri gisa, udalek beren herritarrei galdetu behar izan diete, bai eta ordezkari politikoei eta udal langileei ere, euren ustez haiek agindu horiek betetzen dituzten eta horiek betetzeko zereginean zenbat aurreratu duten. Indarguneak zein diren zehaztea da helburua, eta, orobat, zehaztea zer alderditan jarraitu behar duten lanean horiek indartzeko.    

    12 european principles: www.coe.int/good-governance

 

1.     Hauteskundeak eta ordezkaritza eta parte-hartze bidezkoak

2.     Erantzuteko gaitasuna

3.     Efizientzia eta eraginkortasuna

4.     Irekiera eta gardentasuna

5.     Zuzenbide-estatua

6.     Portaera etikoa

7.     Eskumenak eta gaitasunak

8.     Berrikuntza eta aldaketaren aurrean irekita egotea

9.     Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa

10.  Finantza-kudeaketa osasungarria

11.  Giza eskubideak, dibertsitate kulturala eta kohesio soziala

12.  Kontu ematearen beharra

 

19 / 12 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0