Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak karpa bat jarriko du 2020rako aurrekontuaren gaineko prozesu parte hartzailea ahalik eta gehien zabaltzeko

Larunbatean eta igandean (12:00etatik 15:00etara) herritarrek euren lehentasunak adierazi ahal izango dituzte Lameran jarriko den karpan. Horretarako, Udalak egindako inprimakia bete beharko dute

Udal Gobernuaren helburu nagusia da bermeotarren iritziak ezagutzeko ahalik eta erraztasun gehien ematea

Bermeon, 2020ko urtarrilaren 9an.- Bermeoko Udalak herritarren iritzia ezagutzeko eta 2020ko aurrekontuaren exekuzioan bermeotarren lehentasunak islatzeko prozesu parte hartzailea abiarazi zuen abenduaren 20an. Bada, herriko etxe guztietan euskaraz eta gaztelaniaz banatu den inprimakia betetzeko bigarren aukera bat egongo da asteburu honetan zehar. Izan ere, Udal Gobernuak Bermeoko Lameran karpa bat jartzea erabaki du, herritarren parte hartzea ahalik eta gehien errazteko.

Gabonen aurretik abiarazitako prozesu honetan parte hartzeko Udalak banatutako inprimakia bete behar da. Herritarrak, bere lehentasunak adierazi ostean, dokumentua liburutegian, Berhazen edo kultur etxean entregatu behar du. Prozesu hau egiteko azken eguna urtarrilaren 10a bada ere, Udal Gobernuak asteburuan zehar bigarren aukera bat eskaintzea erabaki du. Izan ere, larunbata eta igandean Bermeoko Lameran karpa bat jarriko da (12:00etatik 15:00etara) eta inprimakia betetzeko laguntzaileak egongo dira bertan.

Prozesu parte hartzailearen helburua garbia da: bermeotarren lehentasunak zeintzuk diren identifikatzea eta 2020ko aurrekontuaren exekuzioan islatzea. Herritarrak, galdetegia erantzuteaz gain, adina, sexua eta kale edo auzoa besterik ez ditu adierazi beharko.

Inprimakia:

Udal Gobernuak inprimakia bi ataletan banatu du. Alde batetik, 2020rako aurreikusitako 25 ekintza nagusi definitu ditu eta herritarrak bere lehentasunen arabera ordenatu beharko ditu 1etik 25era, ordenan, zenbakiak jarriz: 1, bere ustez, lehentasuna handiena daukan ekimenari jarriz eta 25 gutxien duenari. Besteak beste, ekintza nagusi hauek ordenatu beharko dira bakoitzaren lehentasunen arabera: edukiontzi guneak edertzea, hiri altzariak berriztea (farolak, jesarlekuak…), aparkaleku publikoak egiteko lurren erosketa, kiroldegiko larrialdietako eskilara egitea, auzoetako bideetan hobekuntzak egitea…

Bestetik, inprimakiaren bigarren atalean, zazpi ekintza konkreturi buruz biztanleek euren lehentasunak idatzi beharko dituzte. Ekintza proposatu ostean (edukiontzi guneak edertu, espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak egin, garbikuntza bereziak herriko guneetan burutu…) herritarrak galdera bati erantzun beharko dio. ‘Edukiontzi guneak edertu’ ekintza adibidetzat hartzen bada, herritarrari honako galdera egingo zaio kasu honetan: ‘zein gune uste dozu egokitu behar dala lehentasunez?’.

09 / 01 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0