Albistea
· Eraso sexisten aurrean elkar zaindu eta batera aurre egiteko Brigada Moreak ekimena jarriko du martxan Bermeoko Mugimendu Feministak
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek adin guztietako herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabala eskainiko dute irailaren 7tik 16ra, eta horren barne, besteak beste, Zea Mays, Huntza, Willis Drumond eta Bermeoko rock taldeen kontzertuak, sukalkia, Fun Box (txirrinduen salto ikuskizuna), suziri musikala, antzerki arinak, umeentzako ekintzak eta baserri eta abere azoka erraldoia izango ditugu. Gainera, aurten jaietan asteburu bi izango ditugu eta horrek ekimenez beterik ospatuko ditugu, hortaz, giro izugarria aurreikusten da Bermeon egun horietan.
“Aurten, iaz bezala, jai programa indartua aurkezten dugu, bai ekonomikoki bai ekitaldiei dagokienez; izan ere, iaz baino aurrekontu handiagoa du eta ekintzak ere gehiago dira: kontzertuak, dantzaldiak, ikuskizunak…”, adierazi du Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak.
Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak eta Jai Batzordeko eta Txosna batzordeko kideek Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako programa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Bermeoko Kultura zinegotziak Jai Batzordeko kideei eskerrak eman dizkie urte guztian zehar egindako lanagatik. “Bermeoko jaien berezitasuna da herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak direla, eta herritarrek antolatutako hainbat ekimen daudela. Horri esker jai herrikoiak eta benetan parte-hartzaileak lortzen ditugu”, azpimarratu du.
Nahiz eta jaiak irailaren 7an, barikuan, hasi, irailaren 1ean, zapatuan, Salome Campos Igeriketaren VI. Edizioa egingo da, eta, irailaren 2an, domekan, Almika auzoko jaiak ospatuko dira. 10:00etan hasiko dira ikurrinaren jasoera eta dunbadarekin, eta untxi txapelketa, umeentzako puzgarriak, triki poteoa, herri kirolen erakusketa, Gizon Proba et euskal erromeria, besteak beste, izango ditugu. Gainera, aurten suziriak ere izango ditugu.
Jaien hasiera Goiko Plazan
Irailaren 7an, barikuan, itsasoko eguna ospatuko da (kukaña, piraguak, banana, padel surfa…). Herri bazkaria izango da txosna gunean eta Almikatik bajadie izango dugu txosna batzordeak antolatuta. Era berean, Salsa Cubanaren eskutik, kalejira izango dugu Bermeoko kaleetatik. Horrez gain, ‘Haizien barrure topa’ ekimena egingo da eta Bermeotarrak fanfarreak, bere 40. Urteurrenean, Gallartako Burdin Klash txarangarekin batera, bere kalejirarekin kaleak alaituko ditu.
21:50ean Xixili aurkeztuko da Goiko Plazan eta 22:00etan alkatearen pregoia, ikurrina jasotea eta dunbadea izango dira leku horretan. Gainera, aurten txupinazoan Bermeotarrak Fanfarreak eta Gallartako Burdin Klash txarangak zuzenean euren musikarekin alkatearen pregoia alaituko dute jaiei hasiera ezin hobea emanez.
22:30ean Bermeoko Kafe Antzokian Soziedad Alkolholika eta Niketz taldeen kontzertuak egongo dira eta 23:00etan Charly & The Coconuts taldearen 80. Hamarkadako soinuekin dantza egiteko aukera izango dugu Lameran. Ondoren, pintxadea txosna gunean eta DJ Angelo Merkeren saioa.
Andra Mari eguna
Irailaren 8an, zapatuan, Andra Mari Egunean, goizeko 10:30ean Udalbatza Goiko plazan batuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Udalbatza Almikerantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldea, Bermeoko erraldoien konpartsa, Alkartasuna dantza taldea eta Aiarako musika bandarekin ‘Bermeo’ pieza joten. Almikan ohorezko aurreskua egingo zaio Udalari eta Erraldoien eta buruhandien ekitaldia ere izango da.
Almikan mezak, trikitixa poteoa, idi-probak eta herri kirolen erakusketa: Motozerra lana ere izango ditugu. Horrez gain, Andra Mari egunean asko izango dira Bermeon ospatuko diren ekimenak; hala nola, Aiara Musika bandaren kontzertua Santa Maria Elizan, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren eta K.I.E.T.B. Erraldoi Txikien konpartsaren kalejira Alde Zaharretik, Ortube itsasontzia bisitatzeko aukera, Zirku eta Gimnasia tailerrak eta esku pilota partidu nagusiak. Barrueta Arte Elkartearen erakusketa ere berreskuratuko da Kofradi Zaharrean eta irailaren 8an inauguratuko da.
Umeen danborrada ere Andra Mari egunean izango da 18:00etatik aurrera eta Zeren Zain pailazoen jolas-dantzaldia, ‘Txetxotxu, Sukalkidxe eitzen ikasi eizu!’, mahai eta karta jokoak eta Xiberoots taldearen kontzertua izango dira txosna gunean. Gaueko 22:00etan Valecea pirotekniaren eskutik suziri piromusikalak ikusteko aukera izango dugu. Ondoren, ‘Ten & Sun Flower Seed’ eta ‘Huntza’ taldeen kontzertuekin dantza egiteko aukera izango dugu Lameran, Txosna batzordeak antotaluta eta, atsedenaldian, irrintzi txapelketa izango da. Ostean, pintxadak DJ Txako eta DJ Satoruekin.
Arrantzale Eguna
Irailaren 9an, domekan, Arrantzale Egunean, Andekoko lagunek antolatuta, meza egongo da Santa Eufemia elizan arrantzaleen omenez, eta, ondoren, kalejira txistulariekin, lore eskaintza eta aurreskua egingo dira. Horrez gain, arrantzan erramutan egin duen azken arrantzaleari, Bermeoko batelerei, Jon Garcia Andonegiri eta Ortubeko boluntarioei omenaldia egingo zaie.
Eguerdiko 13:00ean, bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan eta, ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko.
Egunean zehar fanfarreak eta trikitilariak herriko giroa alaituko dute, eta 19:00etan Sonidos de México taldeak kontzertua eskainiko du Lameran. Abesteko aukera izango dugu txosna batzordeak antolatutako karaoke ibiltaria kalejiran ekimenarekin eta, Portuko Sorgine elkartearen eskutik, musika izango da Portuan. Era berean, dantzan egiteko aukera izango dugu 21:30etik aurrera Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta Sakatu Elektrotxaranga egongo delako Alde Zaharretik, eta 21:30ean Lameran Drindots taldearen dantzaldia izango da. Goizaldean, Lameran Testing programa Ai Laket!! drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua egongo da.
Ume eta gaztetxoen jolas parkea
Andra Mari Hirugarren Egunean, irailaren 10ean, astelehenean, ume eta gaztetxoen jolas parkea izango dugu, aurten Gonzalo Nardiz enparantzan. Eguerdian ‘Los Cinco bilbainos’ taldearen kontzertua izango da eta XLIV. Herri Kirolak eta Bertso saioa ere izango dira Artza frontoian (Uxue Alberdi, Amets Arzalluz, Igor Elortza eta Fredi Paia).
Irailaren 11n, martitzenean, Diada eguna eta XXXVIII. Bermeoko Hiria Esku Pelota txapelketarekin gozatzeko aukera egongo da. Horrez gain, Euskaraldiaren ekimena txosna gunean eta Idi Probak Almikako probalekuan izango dira. Irakaskintza kalean Zirika Zirkusen ‘Tren Geltokia’ kale ikuskizuna ume eta nagusientzako eta, ondoren, txokolatada. Gauean herriko taldeen kontzertu maratoia txosna gunean.
Fun box
Irailaren 12an, eguaztenean, adin guztietarako tailerrak eta motor txikien lasterketa izango dira Lameran. Horrez, gain, Fun Box txirrinduen salto ikuskizuna ikusteko aukera izango da Gonzalo Nardiz enparantzan. 20:00etan, Bermeoko Play Back erraldoia egingo da, lehenengo umeen saioarekin eta ondoren nagusien saioarekin.
Umeentzako tailerrak eta jokoak Irakaskintza kalean eta tortilla txapelketa txosna gunean izango ditugu irailaren 13an, eguenean. Horrez gain, XXXVIII. Bermeoko Hiria Esku Pelota Txapelketa, eta antzerki arinak izango ditugu. Azken bi urteetako harrera ona ikusita, aurten ere berriro ere egingo dira; Kabidxen hartuko dira sarrerak eta hortik aukeratutako antzerki arinak ikustera eramango dituzte ikusleak ekimen orijinal horretan. Eguna amaitzeko, 22:00etan One Pathen trap kontzertua txosna gunean.
Zea Mays
Irailaren 14an, barikuan, hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen jai ekimenak: XIII. Alkartasun Batel Estropada, makillaje tailerra eta dantza parte-hartzaileak, txosna poteoa Sakatu elektrotxarangarekin eta Aiarako musika bandaren kalejira.
Egun horretan ere izango da danborrada, Aiarako Musika bandagaz, eta azken horrek kalejira eta ekitaldia egingo du Gaztelun. Gainera, gaueko 22:00etan Lameran The Hammer Killer eta Zea Mays taldeen kontzertuak izango ditugu. Ondoren, festak Techno Innvasion-ekin jarraituko du.
XLIII. Sukalki Eguna eta Willis Drummond-en kontzertua
Irailaren 15ean, zapatuan, XLIII Sukalki eguna ospatuko dugu Bermeon, Eleizalde ikastolak antolatuta eta 11:00etan izango da izen-emotea. Parte-hartzaileek 13:00etan aurkeztu beharko dituzte kazulak eta sari banaketa 17:00etan izango da. Aurten sukalki jasangarria izateko lan egingo da eta Talan 8 eta 14 urte bitarteko umeentzat gilda eta entsalada tailerrak izango dira.
Sukalki egunean, XXXVI Bermeo Uria Ikurrina Estropada ospatuko da; beraz, jai egun izugarria izango dugu Bermeon. Bermeotarrak Fanfarreak, Durangoko Sugarri Fanfarreak eta Incansable taldeak giro ezin hobea sortuko dute herrian. Gainera, Air Guitar txapelketa izango da ‘Els Dimonis de Morella’ correfox izango dugu San Juan Portaletik eta San Frantzisko enparantzaraino. 22:30ean Willis Drummond-en kontzertuarekin martxak jarraituko du Bermeon.
Irailaren 16an, domekan, Santa Eufemia egunean, baserri giroko azoka eta abereen azoka izango ditugu, eta, iaz bezala erraldoia izango da, izan ere, hainbat eszenatoki hartuko ditu.
Horrela, Lameran Baserri giroko azoka izango dugu, eta San Frantzisko enparantzak honakoak hartuko ditu: VI Oiloen erakusketa eta Euskal oiloaren Bizkaiko IV. Txapelketa, Bermeoko abereen erakusketa eta buzterrien erakusketa. Horrez gain, Erriberan nekazaritzako makineriaren erakusketa bat egingo da. Segundo Ispizua eta San Frantzisko kaleetako trafikoa zarratu egingo da goizean.
Eguerdiko 12:00etan Udalbatza Santa Eufemia plazara abiatuko da Aiarako Musika bandak eta Bermeoko txistulariek lagunduta eta bertan Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia eta Aiarako musika bandaren saioa izango dira. Ondoren, omenaldia egingo zaie Gazteluko Takonen dendari eta Mañuko azken artzainari. Ondoren, Balkoitik Balkoira bertso saioarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Horrez gain, Santa Eufemia egunean, CEVASek antolatuta, Ama Begoña Urpean Tronuratzearen LV. Urteurrena ospatuko da. 11:00etan Portutik irtengo dira Gaztelugatxerantz eta bertan meza, lore eskaintza eta Joseba Fernandez, Gaztelugatxeko San Juaneko batzordeko lehendakaria, eta Ramon Garaizar, Kankikabarako txistu taldeko kidea, omenduko dituzte. 13:00etan monolitoa inauguratuko dute.
Egun horretan Esku Pilota partidu nagusiak izango ditugu Artza Frontoian eta suzko zezena izango da Goiko plazan. Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren, Xixili erreko da eta Zaragozana pirotekniaren eskutik suziriak izango ditugu.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako programa txikia etxe guztietara bidaliko da irailean. Programa handiak Berhazen salgai izango dira 0,50 eurotan.
Brigada moreak
Bermeoko Kultura zinegotziak jaiak “denok disfrutatu ahal izateko errespetua eta elkar ulertzea” eskatu du. Bere esanetan, “jaiak disfrutatzeko pertsona askeak izan behar gara, beldur barik ibiliko garan pertsonak, eta hau denon artean lortu behar dugu, alde batetik, eraso sexistarik onartzen ez duen herria garela erakutsiz eta, bestetik, eraso sexistei erantzuna emanez”. “Ez, ez da”, nabarmendu du.
Ildo horretan, aurten Bermeoko Mugimendu Feministak Brigada Moreak ekimena martxan jarriko du. Bakarne Fernandezek, Jai eta txosna batzordeetako kideak eta mugimendu feministaren ordezkariak, azaldu duenez, “erasoak egunero gertatzen diren arren, jakina da, jaietan askoz gehiago ematen direla. Hori dela eta, eraso sexista eta LGTBIQ+foboen aurrean elkar zaindu eta batera aurre egiteko ekimen hau sortu dugu”.
Azaldu duenez, Brigada Morea “erasotua laguntzeko protokolo bat jarraituko duen neska boluntario taldea da” eta horren helburuak bi dira: “batetik, erasotuari babes emozionala eta aholkularitza praktikoa ematea, eta, bestetik, erasorik gabeko espazioak aldarrikatzea (disuasioa)”.
“Brigadistak zapi more handi batez identifikatu ahalko dira eta bakoitza bere martxan ibiliko da, lagunekin, familiarekin nahi duen gunean (tabernetan, barraketan, txosnetan, kontzertuan, etab) eta norbait erosotua izan dela esatera datorrenean aktibatuko dugu protokoloa, baliteke informazio eske etortzea ere”, adierazi du Bakarne Fernandezek.
Mugimendu Feministako ordezkariak azaldu duenez, “Brigadista izateko oso garrantzitsua da, aurretik, formakuntzatxo bat jasotzea datorkigun pertsona zelan atenditu eta nora bideratu ikasteko, gure artean ezagutu eta koordinatzeko”. Horrela, ekimen honetan parte hartu nahi duten emakumeek brigadamoriek@gmail.com –en izena eman behar dute abuztuaren 15a baino lehen.
Bestalde, Aingeru Astuik eta jai batzordeko kideek adierazi dutenez, “gure herrian musika, dantza, kirola, txapelketak, omenaldiak, azokak eta bestelako ikuskizunak izango ditugu”, hortaz, pertsona guztiek gure jaiekin disfrutatzeko aukera izango dute, “gainera Bermeoko Jaiak duten enkantua bermeotarrok jaiak bizitzeko daukagun era berezi eta parte-hartzailea da, zalantza barik”.
Azkenez, Astuik pertsona guztiak gonbidatu ditu Andra Mari eta Santa Eufemia jaietara. “Ondo pasa jaietan!”
010 (94 617 91 00)