Albistea
Bermeoko Sancti Spiritus udal zaharren egoitzak erabat zabalduta dagoen ospitale-arretako ospitale eredu tradizional batetik, pertsonaren izaeran oinarritutako arreta eredu bateranzko urratsa ematea erabaki zuen 2023. urtean. Lan asko egin ondoren, “ondo baino hobeto” betetzen ditu Pertsona Erdigune duen Arreta (PEA) ereduen helburuak, eta hortaz, Pertsonarengan Zentratutako Arreta eta Lotura Fisiko/Kimikorik Gabeko Zentro izendatu dute. Astelehenean jasoko du ziurtagiria, eta horretarako ekitalditxo bat antolatu da, 11:00etan hasita.
Proiektuak ETXEKULEZ izena dauka; “etxeko berotasuna bueltan emateko”. Izen hau egoitza osatzen duten pertsona guztien parte-hartzeari esker aukeratu zen: erabiltzaileak, langileak eta senideak. Etxekulez zaintzaren kultura aldatzearen, egoitzan bizi diren pertsonen gaitasunekiko ikuspegia aldatzearen, paternalismoa alde batera uztearen eta zaintza autonomistago eta parte-hartzaileago baterantz joatearen emaitza da. Hau da, pertsonetan oinarritutako zaintza eredua da, pertsonak erdigunean jarrita eta euren autonomia, duintasuna eta eskubideak errespetatuta. Ondorioz, eredu honetan ez dira lotura fisiko eta farmakologikoak erabiltzen.
Udal zaharren egoitzatik azaldu dute, hori guztia aurrera eroan ahal izateko lan handia egin behar izan dutela. Alde batetik, egoitzako langile guztiek (garbitasuna, sukaldea, arreta zuzena, erizaintza, zuzendaritza taldea) 100 ordu inguruko formakuntza jaso dute. Eta, bestetik, egoitzan aldaketa ezartzen laguntzeko disziplina anitzeko Talde Gidaria sortu zen, prozesua ezarri eta bultzatzeko. Kultura-aldaketa horretan, Cuidados Dignos Fundazioarekin elkarlanean aritu dira, prestakuntza eta aholkularitza eskaini dizkie egoitzako profesional guztiei.
Diotenez, “ez da prozesu erraza izan”, langileen eta senideen aldetik “erresistentziak eta mesfidantzak gainditu” behar izan dituztelako. Hala eta guztiz ere, aurrerapenak eta lorpen txikien indarrak ikusita, proiektuak “eszeptikoak konbentzitu” dituela nabarmendu dute.
Prozesu honen oinarrizko tresnetako bat egoiliarretako bakoitzaren bizi-istorioak ikertzea eta berreraikitzea izan da, eta bizi-istorioak berreraikitzeko lan horretan arreta zuzeneko langile guztiak inplikatu dira: laguntzaileak, erizainak, aisialdiko taldea eta gizarte-langileak. Diziplina anitzeko parte-hartze hori “oso garrantzitsua” izan dela diote.
Horren guztiaren ondorioz, egoitzan zaintzako paradigma aldaketa eman da, eta pertsonetan zentratutako arreta eredua ezarri da. Lehenik eta behin, mugimenduak mugatzen zituzten mota guztietako lotura mekanikoak kendu ziren, gerrikoetatik hasita, oheko barandetara. Hurrengo urratsa lotura kimiko-farmakologikoak baztertzea izan zen. Hartara, egoilarrek beren gaixotasun eta nahasmenduen barruan, beren benetako izaera berreskuratzen dute, unera arte “botikek ezkutatutakoak”.
Familien balorazio positiboa
Kanpotik begiratuta, hau da, egoiliarren familietako kideei galdetuta, “izugarrizko” esperientzia izan dela diote, eta Etxekulez proiektuaren “oso balorazio ona” egiten dute. Esaterako, egoitzan ama daukan Josune Gabantxo Bereinkuak gogoraratzen du hasieran eszeptikoetako bat zela: “Ama zelan zegoen ikusita, ez nuen uste aldaketarik egon zitekeenik, baina denbora gutxian hobekuntza handiak eman zituen. Jesarrita eta mugitu barik egotetik, gaur egun, aktibo egotera pasatu da ama, gure izenak gogoraratzen ditu, eta lehen ez bezala, gaur egun barre asko egiten du, baita abestu ere”. Gogoratzen du zelan lehen amarekin egon ostean egoitzatik negarrez ateratzen zen, eta egun, ostera, amak eman duen aldaketa positiboa ikusterakoan pozik ateratzen da. Etxekulez proiektuarentzat berba onak baino ez dituela dio, eta kanpora begira proiektuaz oso ondo berba egiten duela nabarmendu du.
Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizaterako zinegotzia “oso pozik” agertu da Sancti Spiritus udal zaharren egoitzak lortu duenarekin: “Hilabete askotako lan garrantzitsua dago honen guztiaren atzean, eta esfortzu handia egin dute Bermeoko udal egoitzako langileek eredu hau aurrera eramateko. Pertsonarengan Zentratutako Arreta eta Lotura Fisiko/Kimikorik Gabeko Zentro izendatzea oso garrantzitsua da guretzat baina, are garrantzitsuagoa da eredu berritzaile hau gure egoitzan ematea, izan ere, Bizkaiko bigarren egoitza publikoa gara eredu hau ematen duena. Bertoko langile guztiek egindako lanak fruitua eman du. Eskerrik asko den-denoi eta zorionak lortutakoagatik”.