Albisteak

Albistea

Azken urteetako joera jarraituta, 2024an Bermeon sortutako sastar kopurua berriro jaitsi da

  • Udaberrira begira, organikoaren birziklatzeari buruzko sentsibilizazio kanpaina bat egingo da.

Aurreko urtearekin alderatuta eta azken urteetako joera jarraituta, 2024. urtean Bermeon sortutako sastar kopurua %1,46 jaitsi da. Hain zuzen ere, 4.317 tona sastar sortu dira, 257 kilo biztanleko. Datua azken 25 urteetako baxuena dela esan dute Ingurumen sailetik, datu “ona” dela nabarmenduta. Saileko arduradunek jakitera eman dutenez, Zabalgarbiko erraustegira doan sastar tona bakoitzagatik Bermeoko Udalak 131,55 euro ordaintzen ditu. Ondorioz, zenbat eta gutxiago sortu, Udalak gutxiago gastatzen du, eta alderantziz.

Sailka banatuta, Ecovidriok kudeatzen duen beiraren kasuan, 2024an 511 tona batu dira (30 kilo biztanleko), 2023an baino %1,76 gehiago. Prezero enpresak kudeatzen duen papera eta kartoiaren kasuan, alderantzizko joera egon da, eta 2023an baino %2,33 gutxiago birziklatu da, 420 tona (25 kilo biztanleko), hain zuzen ere. Garbikerren bidez kudeatzen den ontzi arinen birziklapenak ere behera egin du, %2,18; 335 tona (20 kilo biztanleko) birziklatu dira.

GMSMk kudeatzen duen bolumen handiko hondakinen bilketa jaisten joan da 2021. urtetik, hala eta guztiz ere, Bermeon, iaz, %6,06 igo zen berriro; 205 tona (12 kilo biztanleko) batu ziren. Kooperak eta Garbikerrek kudeatzen duten arropa eta etxetresna txikien kasuan, aldiz, %19ko igoera nabarmena egon da 2024an. Hain zuzen ere, 52 tona (3 kilo biztanleko) batu dira, “orain arteko daturik onena”. Pilei dagokionez, Udalak Asimelec plataformaren bitartez, 1.657 kilo (0.10 kilo biztanleko) pila batu ditu, 2023an baino %47,16 gehiago.

Jaitsiera nabarmenena izan dute olio eta organikoaren bilketak. Rafrinorrek kudeatzen duen olio bilketak %10,71ko jaitsiera izan du; 10 tona olio (0,60 kilo biztanleko) birziklatu dira, “azken urteetako daturik baxuena” izanik. Organikoaren bilketaz Bermeoko Udala arduratzen da, eta azken urteetako beheranzko joerarekin jarraitu da, 2024an %16ko jaitsiera emanik; hain zuzen ere, 118 tona bakarrik batu dira (7 kilo biztanleko). Beheranzko joera horrek  “ardura” sortzen du Bermeoko Udalean, eta egoerari buelta emateko asmoz, udaberrira begira, organikoaren birziklatzeari buruzko sentsibilizazio kanpaina bat egingo dela jakitera eman du Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotzi Zigor Uriondo Arruek.

Ingurumen zinegotziak adierazi du, “garrantzitsua” dela kontsumitzerako orduan “arduratsuak” izatea, baita ere “jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea: bertoko produktuak kontsumitu, gain-ontziratutako elikagaiak ez erosten saiatu, erosketarako orga edo telazko poltsak erabili…”.  Horrez gain, esan du, “organikoaren bilketa alde batera utzita, bermeotarrok denborarekin birziklatzeko ohituretan hobetzen joan bagara ere, ahaleginak egiten jarraitu behar dugula, erlaxatu barik, jasangarritasun helburuetatik oraindik urrun gaude eta”. Udalerrian hondakin gutxiago sortzen badira ere, orotara, birziklatzeko errekuperatzen den hondakinen kopurua egonkortu egin da azken urteetan, eta datu hori hobetzea “ezinbestekoa” dela aipatu du Ingurumen zinegotziak. Horregatik, gaika birziklatzen jarraitu beharra dagoela nabarmendu du, “ingurumena zaintzea guztion ardura baita”.

10 / 02 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0