Albisteak

Albistea

Bermeoko XXIII. Arrain Azoka inauguratu da ozeanoen zainketa guztion ardura dela aldarrikatuz

Aukera eta nobedade pila eskainiko digu igandera arte itsas arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenetarikoa den Bermeoko Arrain Azokak

 

Bermeoko XXIII. Arrain Azoka gaur inauguratu da, eta ozeanoen zainketa guztion ardura dela aldarrikatu du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, inaugurazio ekitaldian. Itsasoak eta bermeotarrek duten “harreman estua” azpimarratu ondoren, itsasoa zaintzeko “kontzientzia eta konpromisoa hartzea ezinbestekoa” dela adierazi du alkateak. Ildo horretan, Bermeoko atun ontziek beste espezie batzuen gainean duten eragina murrizteko hartutako neurriak aipatu ditu eta “arrantza arduratsuaren eredua izatea lortu behar” dugula, azpimarratu du. 

Idurre Bidegurenek Bermeoko XXIII. Arrain Azoka inauguratu du, eta berarekin batera egon dira Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Bittor Oroz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuordea; Leandro Azkue, Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, hainbat herritako alkateak, Bermeoko Udaleko zinegotziak, eta  enpresa eta erakundeetako ordezkariak, besteak beste.

Bidegurenek gogoratu duenez, igandera arte, hainbat izango dira azokak adin guztietako pertsonei eskainiko dizkien nobedadeak eta aukerak itsasora hain lotuta dagoen gure kultura, historia, gastronomia, ekonomia, berrikuntzak eta nortasuna ezagutzeko eta disfrutatzeko. 

Ildo honetan, adierazi duenez, Bermeoko Arrain Azoka, gaur egun, mota horretako azoken “erreferentea” da, eta “kontserba lantegien erakusleiho izateaz gain, itsas eta arrantza munduaren erakusleiho aparta da”. “Urtero gure helburua da arrain azoka erakargarria egitea, eta, horretarako, azkenaldian, tradizioa eta modernitatea uztartzen saiatzen gara eta itsasoarekin zerikusia duten ikerketen emaitzak plazaratzea da gure gogoa”, azpimarratu du. 

Horrela, aurten, besteak beste, EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak (Plentziako Itsas Estazioa PIE), AZTIk eta Ternua eta Opeguik ozeanoak zaintzeko martxan dituzten hainbat proiektu berritzaile aurkeztuko dituzte. “Modu horretan bi helburu lortzen ditugu: ozeanoak zaintzeak duen garrantzia azpimarratu eta proiektu berritzaileen berri eman”, esan du. 

Bermeoko alkateak Bermeoko “herrian arrantza munduak betidanik izan duen garrantzia gogoratu du: balearen arrantzan, Dakarreko kanpainetan, atunetan eta kontserba enpresan”. Urteetako “esperientzia luze” horrek Bermeon “ondare garrantzitsua” utzi duela esan du; izan ere, “Euskal Herriko Kontserba lantegien eta atun-ontzien kontzentraziorik nagusiena daukagu, teknologia aurreratuena atun-ontzietan, punta puntako ikerketa eta ikerlariak inguruan, eta itsasoarekin lotutako enpresa ezberdinak. Balio handiko ondare kulturala daukagu”. “Hori guztia herritarrei eta herrira datozenei erakutsi eta eurekin elkarbanatu nahi dugu Bermeoko Arrain azokan”, adierazi du Bidegurenek. 

Bermeoko alkateak arrain azokan elkartasuna ere presente egongo dela gogoratu du. Horretarako, Bermeoko Kofradia Zaharrak ateak irekiko ditu lehenengo aldiz eta marmitakoa eta atun errea dastatzeko aukera eskainiko da. Jasotako dirua osasun arazoak dauzkaten umeen familiak laguntzeko izango da. 

Horrez gain, asko izango dira Arrain Azokak itsas munduarekin gozatzeko eskainiko dituen aukerak: Jurgi Arejita Sushi manaren erakusketa, ume eta gaztetxoentzat egitarau zabala (sukaldaritza tailerrak, jokoak, erakusketak…), Nautika eskolako nabigazio simulagailura bisitak

Jai giroa ere urtero bezala herriko taldeei esker presente egongo dela Arrain Azokan adierazi du alkateak. Hortaz, Bidegurenek gogoratu duenez, “urtero moduan, jai giro izugarrian, gure kontserberen produktuak dastatu, ezagutu eta erosi ahal izango ditugu, eta hitzaldi, itsas ibilaldiak, erakusketak, eta hainbat ekimenen bitartez arrantzaren eta itsas mundua ezagutu eta zaintzeko ditugun aukeren berri izango dugu”. Hortaz, pertsona guztiak Bermeoko arrain azokara etortzera animatu ditu.  

Hegaluze Saria 

Inaugurazio ekitaldia egin baino lehen,  Bermeoko XXIII. Arrain Azokaren XXI. Hegaluze Saria eman da. Aurten Eleizalde Ikastolak jaso du bermeotarrentzat hain garrantzitsua den sari hori “Bermeoko itsas eta arrantza ondarea balioan jartzeagatik eta horren transmisioa belaunaldien artean bermatzeagatik”. 

Epaimahaiak azaldu duenez, “urte horietan guztietan Eleizalde Ikastolak Bermeoko herriaren alde lan garrantzitsua egin du, gure itsas eta arrantza ondarea balioan jarri eta horren berri eman du eta, betiere, arrantzarekin harreman estua izan du”. 

XXIII. Arrain Azokako 19 erakustokiak gaur goizeko 11:00etan ireki dira eta  hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon. Bermeoko Arrain Azokaren programa: https://issuu.com/bermeokoudala/docs/arrain_azoka_2017_azkena

 

 

19 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0