Albistea
Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, Eskola Foroa eta Udal Foroa egin dira gaur Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean. Aurten gai nagusia hondakinen kudeaketa eta birziklapena izan dira eta horren inguruan egindako lana, ekintzak eta proposamenak aurkeztu dizkie Bermeoko ikastetxe guztietako (Sagrado Corazón ikastetxeak, San Frantzisko eskolak eta Eleizalde Ikastolak) ikasleek Bermeoko Udalari. Horrez gain, paper-zapi bustirik (toallitak) komunetik ez botatzeko hiru ikastetxeek martxan jarritako kanpainaren berri eman dute.
Horrela, goizeko 11:00etatik 12:00etara, eskola foroa egin da. Bertan, ikastetxe guztietako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek euren ikastetxeetan hondakinen kudeaketaren inguruan egindako lana partekatu dute.
Ostean, udal foroa 12:00etatik 13:00etara izan da. Bertan, Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek; alkateordeak eta Zerbitzu zinegotziak, Benito Ibarrolazak; eta Ingurumen zinegotziak, Irune Ormaetxeak, harrera egin die ikasleei, irakasleei eta gurasoei, eta ikasleek aurreneko saioan prestatu duten aurkezpena azaldu dute.
Foroan lehendabizi ikastetxeek martxan dituzten proiektuei buruz informatu dute: eskolako hazitegia, ortua eta lorategia, ikasturte honetan egindako tailerrak (kontsumo tailerra, mugikorraren erabilera egokiari buruzko tailerra, erosketei eta publizitatearen eraginari buruzko tailerrak…). Horrez gain, Landabasoko errekaren uraren egoera eta inguruko biodibertsitatea aztertu dute, eta Errotatako errekaren egoera hobea dela ere ikusi dute. Txoriak ere zaindu dituzte.
Jarraian, hondakinen kudeaketaren eta birziklapenaren inguruan egindako lanaren berri eman dute. Hainbat izan dira martxan jarritako ekimenak: hondakinen sailka batzeari buruzko eta birziklapenari buruzko informazioa zabaldu dute, hondakinak sailka batu eta birziklatu dituzte, mugikor erabiliak batzeko kanpaina, itsasoan hondakinek sortzen dituzten kalteak aztertu dituzte.
Horrez gain, iazko Udal Foroan paper-zapi bustiek saneamendu sarean sortzen ari diren arazoen berri eman eta ikasleen inplikazioa eskatu zen. Horrela, aurten herriko hiru ikastetxeek, arazoarekin arduratuta, ‘Komunetik toallitarik EZ” kanpaina martxan jarri dute. Helburua paper-zapi bustiek komunetik botatzean saneamendu sarean sorrarazten dituzten kalteen berri ematea eta herritarrak sentsibilizatzea izan da, eta, horretarako, besteak beste, herritarrak informatu dituzte eta inkestak ere egin dituzte. “Lan bikaina egin dute ikasleek”, udal ordezkariek azpimarratu dutenez.
Ildo berean, Bermeoko Udalari euren proposamenak luzatu dizkie: toalliten kanpainarekin jarraitzea, pipen azalen arazoari irtenbidea aztertzea, ontziak eta inguruak gehiago garbitzea, usoak jolastokietan sortzen dituzten arazoak bideratzea eta jolas parkeen inguruan sastar-ontzi hori txikiak jartzea. Azken gai horri buruz, Ibarrolazak jakinarazi duenez, udan Lamerako bi jolastokietan eta Erreteneko jolastokian sastar ontzi hori/urdin eta marroi txikiak jarriko dira sastarrak sailka batzeko.
Bidegurenek, Ibarrolazak eta Ormaetxeak ikastetxeek ingurumenaren alde egindako lana “izugarria” izan dela azpimarratu dute, eta horrela jarraitzeko eskatu diete. “Oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten”, adierazi dute.
010 (94 617 91 00)