Albisteak

Albistea

Alaine Agirre eta Jasone Osororen arteko 'Harrak berbetan' literatur saioa barikuan, martxoaren 3an, Bermeoko liburutegian

 

 

Bermeoko Udal Liburutegian, barikuan, martxoaren 3an, Alaine Agirre eta Jasone Osoro idazleen arteko ‘Harrak berbetan’ literatur saioa izango da arratsaldeko 19:00etan. Alaine Agirre eta Jasone Osoren arteko solasaldia izango da Harrak berbetan, eta berba egiteaz gain, jolastu ere egingo dute, probokazioari tarte eginez, saio erakargarri batean.

2016ko maiatzaren 6an, Donostia Kulturak antolatzen duen Literaktum literatura jardunaldien baitan, Harrak berbetan estreinatu zen. Alaine Agirre eta Jasone Osororen arteko elkarrizketa-formatua izan zuen, eta lehenengo saio horretan Jasonek Alaine elkarrizketatu zuen. Izan zuen harrera ikusita, saioaren ibilbidea luzatzea pentsatu zuten. Hala, egiten den lekuaren arabera moldatzen dute saioa.

Bi egileen arteko elkarrizketa izango da Harrak berbetan literatur saioa, Alaine Agirreren ‘X hil da’ eta Jasone Osororen ‘12etan bermuta’ liburuak ardatz hartuta, baina bestelako gaiak ere jorratuko dituzte: emakume izatea, literatura, askatasun pertsonala, erreferentzia musikalak eta literarioak, adikzioak... Inprobisazioari eta probokazioari lekua utziz, hitzak, musika azalduko dira ikuskizunean, eta bi egileek beraien testuen irakurketa ere egingo dute.

Barikuan, martxoaren 3an, Bermeon, Agirrek eta Osorok, berba egiteaz gain, jolastu ere egingo dute: Harrak berbetan eta olgetan izango da, beraz, idazle emakume bien arteko hau. Solasaldi mamitsua baina ez horregatik aspergarria; elkarrizketa erdi-prestatua, erdi-inprobisatua, baina ez horregatik zurruna. Bermeoko andreak eskandalizatzea erraza ez dela dakiten arren, saiatu, saiatuko dira.

Harrak berbetan saioan parte hartzera animatu dituzte Agirrek eta Osorok herritarrak, izan ere, “liburuak irakurri gabe izanda ere, aukera ederra izango dugu literaturaz, bizitzaz, maitasunaz eta pasioaz berba egiteko”. Sarrera dohainik da.

01 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0