Albisteak

Albistea

“Bermeo, pertsona nagusiekaz herri lagunkoia” 2018-2020 plana aurkeztuko da azaroaren 13an, martitzenean, Kultur etxean

 

Bermeoko Udalak, Bizitzen Fundazioarekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, ‘Bermeo, pertsona nagusiekin herri lagunkoia’ 2018-2020 plana egin du eta plan hori herritarrei aurkeztuko die, azaroaren 13an, martitzenean, 18:00etan Bermeoko Kultur etxean.  

Benito Ibarrolazak, Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren presidenteak, azaldu duenez, Pertsona nagusiekin lagunkoi izatearen mugimendua Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bultzatu du eta proiektu horren asmoa da “herriak hobetzea, zahartzen joan ahala gure bizimoduarekin aurrera jarraitu dezagun”. “Azken batean, pertsona nagusien bizi kalitatea hobetu gura da, eta, ondorioz, herritar guztiona ere bai”, gaineratu du. 

Ildo horretan, zehaztu duenez, “pertsona nagusiekin lagunkoia izateko, herriak bere politika, zerbitzu, ingurune eta egiturak hobetu behar ditu, beharrizan eta gaitasun desberdinak dituzten pertsona nagusiak kontutan hartzeko”. 

Horretarako, bere esanetan, “arlo desberdinak landu behar dira: aire zabaleko guneak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, sareak eta gizarte-laguntza, enplegua eta partaidetza, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa, gizarte eta osasun zerbitzuak”. 

“Azken batean, udalerriko eguneroko bizitza denentzat apur bat hobeagoa eta pozgarriagoa izaten laguntzen duten gauza txiki horiek landu behar dira. Ez da horrenbeste ‘egitea’ baizik eta beste modu batera ‘pentsatzea’; etorkizunari begira nagusien ikuspuntua eta lagunkoitasun kultura barne hartuz”, azaldu du Ibarrolazak.  

Alkateordeak adierazi duenez, herri lagunkoia proiektua lantzeko oinarri nagusia izan da herritarren parte-hartzea eta, batez ere, pertsona nagusiena, hau da, “pertsona nagusiak eta senitarteko zaintzaileak dira plan honen protagonistak”. Horrela, herritarrekin batera diagnostiko bat egin da, ondoren, lehentasunak finkatu dira eta ‘Bermeo, pertsona nagusiekin herri lagunkoia’ 2018-2020 plana egin eta onartu da. 

Horrela, azaroaren 13an, martitzenean, 18:00etan Kultur etxeko hitzaldi aretoan herritarrei plan hori aurkeztuko zaie eta dagoeneko burutu diren ekintzak eta hurrengo pausuak zeintzuk izango diren azalduko dira. Ibarrolazak herritar guztiak gonbidatu ditu aurkezpen horretara. 

 

 

 

06 / 11 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0