Albisteak

Albistea

Tecnifuegok 325 ke-detektagailu eman dizkio Bermeoko Udalari, eta Udalak egoera zaurgarrian daudenen etxebizitzetan instalatzeko programa jarriko du abian

-Dohaintza kostaldeko herrian Suaren Egunaren zazpigarren edizioa ospatzen ari zen bitartean egin da

-Udalak Bermeoko alde zaharrean eta landa-auzoetako etxeetan bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan instalatuko ditu detektagailu horiek

Bermeon, 2022ko maiatzaren 11n.- Bermeoko Udalak Tecnifuegok, Suteen aurkako Babes Elkarteen Espainiako Elkarteak, emandako 325 detektagailu instalatuko ditu hirigune historikoan eta landa-auzoetako etxeetan bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan. Helburua argia da: egoera zaurgarrienean dauden pertsona etxeetan suteak prebenitzea. Kostaldeko herrian Suaren Egunaren zazpigarren edizioa ospatzen ari zen bitartean egin da banaketa. Udalak eta Tecnifuegok antolatu dute ekimena, ‘Suteen aurkako babesaren espezializazioaren alde lanean’ lelopean.

Gizarte Ongizateko Sailaren bitartez, Udalak, su-detektagailu horiek jartzeaz gain, beharrezko informazioa emango du pertsona horiek suterik izanez gero zelan jokatu jakin dezaten. Modu berean, mapa txiki bat egingo da, etxe bakoitzean ebakuaziorako biderik egokiena markatzeko. Detektagailuen mantentze-lanak eta azterketak ere Udalaren bidez egingo dira. Azkenik, Udalak inkesta txiki bat egingo du herritar horien artean, haien beharrak zeintzuk diren jakiteko, eta informazio hori guztia erregistratuta geratuko da egoera zaurgarrian dauden pertsona horiek non bizi diren eta zer beharrizan izan ditzaketen zuzenean jakiteko.

“Gaur oso egun garrantzitsua da guretzat. Tecnifuegok 325 ke-detektagailu eman dizkigu, martxan jarriko dugun programa baten bidez egoera zaurgarrian dauden herritarren artean banatu ahal izateko. Eskerrak eman gura dizkizuet bermeotar guztien izenean. Gure bizilagun askok lasaiago lo egin ahal izango dute egin duzuen ahalegin horri esker. Entregatu, instalatu eta beharrezko mantentze-lanak egiteaz gain, Udalak informazioa emango die egoera zaurgarrian dauden pertsona horiei, eta izan ditzaketen beharrak erregistratuko ditu. Funtsezko kontu batengatik egingo dugu: euren segurtasunarengatik. Gaur oso pauso garrantzitsua eman dugu gure beste helburu estrategiko batean, ‘Bermeo Segurua’ izenekoan”, azaldu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Bestalde, Adrian Gómez TECNIFUEGOko presidenteak adierazi duenez, “udalak, detektagailu horiek instalatzeaz gain, mantentze-lanak egiteko konpromisoa hartu du, eta hori funtsezkoa da suteen aurkako babes-instalazioek funtziona dezaten. Beraz, eskerrik asko, alkate jauna, suteen aurkako babesaren aurrean erakutsi duzun sentsibilitate bereziarengatik eta zure bizilagunen bizitza seguruagoa egiten laguntzeagatik”.

Eta gaineratu du: “sutea ez da zain egoten, eta gure esku dago, pizten denean, pertsonengan, ondasunetan eta lanpostuetan ahalik eta kalte gutxien eragitea, ekipamendu eraginkorrak instalatuta eta mantentze-lanak behar bezala eginda”.

Su-detektagailuak suteen prebentziorako elementu garrantzitsuenetakoa dira. Estatistiketan behin eta berriro errepikatzen diren datuak dira, adibidez, suterik gehienak hilabete hotzenetan gertatzen direla (biktimen % 60). Kea arnasteak eragiten du heriotzen % 65a. 64 urtetik gorakoen taldeak hartzen du hildakoen % 48,7a. Egongela da lekurik arriskutsuena (biktimen % 52,3), eta ondoren logela (% 23,3). Eta etxebizitzako suteen arrazoi nagusiak akats elektrikoak (23 hildako) eta berogailuak eta bero-ekoizleak (11 biktima) dira. Detektagailu autonomoek abisatu egiten dute pertsonak lo daudenean eta etxebizitzan suteen aurka babesteko elementurik eraginkorrenetakoa dira.

11 / 05 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0