Albisteak

Albistea

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan giro ezin hobea eta herritarren parte-hartze garrantzitsua

“Garbitasun zerbitzuek herri guztia garbi egotea lortu dute jai egunetan”

 

Eguraldi izugarriak lagunduta, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra giro ezin hobean eta herritarren parte hartze garrantzitsuarekin ospatu direla adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta jaien balorazio “oso positiboa” egin du. 

Bidegurenek azaldu duenez, “jai egitarauan aurreikusitako ekimen guztiak ospatu dira, eta giro ederra egon da, jai jendetsuak izan dira, inguruko herrietako jendea ere hurbildu da jai ekintza ezberdinekin gozatzera”. 

“Gure jaiak oso parte-hartzaileak dira, parte-hartzea ezinbestekoa da jai ekimenen antolakuntzan eta gero hori, zalantza barik, herritarren inplikazioan islatzen da”, adierazi du. Ildo horretan, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak egindako “lan izugarria” goraipatu du, “euren lan eta ahaleginei esker, Bermeon jai herrikoi eta parte-hartzaileak ditugu”. 

Jai ekimen oso arrakastatsuak izan ditugula aipatu du alkateak eta horien artean aipatu ditu, irailaren 7ko txupinazoa Udaletxetik, Ortube itsasontzira  bisitak, Benito Barruetak antolatutako arte erakusketa, Fun Box (txirrindu saltoen erakusketa), Correfox ekitaldia, suziriak, Gazteluko ekitaldiak eta kontzertuak, besteak beste. 

Ildo berean, egunik jendetsuenak Andra Mari, Arrantzale, Sukalki eta Santa Eufemia egunak izan dira, aurten asteburuan ospatu direnak, herritarren “parte hartze garrantzitsua” nabarmendu du eta egun horietan egin ziren jai ekitaldiak eta omenaldiak hunkigarriak izan zirela  gaineratu du. 

Bidegurenek adierazi duenez, irailaren 15ean, Sukalki egunean, 104 kazula aurkeztu ziren eta “giro ezin hobea” egon zen Talan. Egun berdinean ospatu zen XXXVI. Bermeo Uria Ikurrina estropada eta beste herri batzuetako arraunzale asko batu ziren Bermeon. 

Santa Eufemia egunari dagokionez, baserri giroko “azoka indartuta” izan dugu, VI Oiloen erakusketa, euskal oiloaren Bizkaiko IV. Txapelketa, Bermeoko abereen erakusketa, buzterrien erakusketa eta Nekazaritza makineria erakusketa egin ziren. Gainera umeek ere euren tokia izan zuten azoka erraldoi honetan. “Azoka izugarria izan da eta herritarren erantzuna oso ona izan da, gozatu egin dugu azoka eta erakusketekin; izan ere, eszenatoki ezberdinak jendez gainezka egon dira”, nabarmendu du. 

Urdaibai arraun taldeari Bermeoko herriak egindako “harrera ekitaldi beroa” azpimarratu du Bidegurenek. Bermeoko alkateak zorionak eman dio Urdaibai taldeari “egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik”. “Arraun-zaletasuna indartsu dago Bermeon”, azpimarratu du. 

Bermeoko alkateak adierazi duenez, jaia herri guztira eta adin guztietara zabaltzeko “ahaleginak egin dira, eta lortu dugula uste dugu”. Hala ere, oraindik “esfortzu hori egiten jarraitu behar dela” gaineratu du. Jai Batzordeak eguaztenean,  bilera izango du, jaien balorazio sakonagoa egiteko. 

Zerbitzuak 

Garbitasunari dagokionez, Bidegurenek azaldu duenez, “aurten ere,  aurreko urteetan bezala, errefortzuak jarri ditugu eta, ikusi den bezala, herri guztia garbi mantentzeko helburua lortu dugu, garbitasuneko langileek egindako lanari esker”.

Horrez gain, jai egunetan hainbat kale trafikora itxita egoteak, jai ekimenen “garapen arrakastatsua ahalbideratu” duela adierazi du. “Oinezkoei lehentasuna eman diegu eta positiboa izan dela uste dugu”, nabarmendu du. 

Jaietako beste atal nagusi bat herri lanetako langileak betetzen dutena da, hau da, jaietako azpiegiturak prestatzea, aldatzea eta eguneratzea (eszenatokiak, komunak, hesiak, jaietako seinaleztapena…). “Herri lanetako taldeak egindako lana goraipatu behar da, tresnak egon behar ziren tokietan egon zirelako eta, horri esker, jaietako ekintzak arazo barik burutu izan direlako”, esan du. 

Udaltzaingoen lana ere oso ona izan dela aipatu du. Hainbat interbentzio izan dituzte, baina ohikoak izan dira eta ez da aparteko arazorik egon.  Bestalde, alkateak Bermeoko Herri Babeseko kide boluntarioei eskerrak eman dizkie jaietan egindako lan onagatik, izan be, ekimen jendetsu guztietan egon dira euren laguntza eta babesa ematen. 

Bermeoko alkateak jaien balorazio oso positiboa egin du “esan dezakegu jaiak oso parte-hartzaileak izan direla, giro alaian ospatu direla eta jendeak disfrutatu egin duela”. Azkenez, jaien antolakuntzan parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman dizkie, euren lana “ezinbestekoa” izan baita herriko jaiak ospatzeko.

 

18 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0