Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzako egoiliarrek, irteera programaren bidez, hainbat txango egiteko aukera dute

Bermeoko Udal Musika Eskolako irakasleek bihar ipuin musikatua eskaini dute Udalaren Zaharren egoitzan, egoiliarrak musikarekin gozatzeko

 

 

Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzak aurten ere martxan du irteera programa. Horren bidez, egoiliarrek astelehen eta bariku goiz guztietan (10:30-13:00) Bermeoko hainbat tokietara eta inguruko herrietara goizeko irteerak egin ahal dituzte, eta, horrez gain, egun osoko lau irteera (Santimamiñen dagoen  jatetxera, Bakiora eta Talara barbakoa egitera) antolatuko dira. Ildo berean, Guggenheim museora ere irteera kultura egingo dute. 

Programa horrek Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzako egoiliarrentzat hainbat onura dakar, izan ere, egoiliarrei egoitzatik kanpo egoteko aukera eskaintzen die, komunitatearekiko lotura mantenduz eta egoiliarren auto-estima hobetuz. 

Astelehen eta barikuetako irteerei dagokienez, urte guztian zehar egiten dira. Astelehenetan etxeko furgoneta egokituarekin egiten dira irteerak eta zazpi egoile joaten dira. Irteera horiek inguruko herrietara (Mundaka, Gernika, Murueta, Sukarrieta, Busturia) eta Bermeoko hainbat tokitara izaten dira (Santa Maria eliza, Almika, Artika, kiroldegia…). 

Barikuetako irteerak etxeko furgoneta egokituarekin eta Bidaideak-eko furgonetarekin egiten dira, eta gehienez 13 egoile joaten dira. Bermeoko Lamerara izaten dira, eta egoileak, egoitzara sartu aurretik egiten zuten bezala, lagunak ikusteko eta familiakoekin egoteko aukera ederra izaten dute, gizartearen parte izaten jarraitzen dutela sentituz. Irteera horietan boluntarioen ezinbesteko laguntza ere izaten du Udalaren zaharren egoitzak, eta, “eurei esker, egoileekin lagun arteko giroan solasaldi politak sortzen dira”.

Horrez gain, aurten egun osoko lau irteera egingo dira (11:30-17:30). Horrela, maiatzean Talan ‘barbakoa’ egingo dute, ekainean Santimamiñen dagoen jatetxean bazkaria izango dute eta, horrez gain, Bakiora bi irteera egingo dira abuztuan. 

Talde handiko egun osoko irteeratara 30 egoile inguru joango dira. Talde txikitan egingo diren irteerak Bakiora eta Talara izango dira, eta 15 egoile joango dira, gutxi gorabehera. Egun osoko irteera guztiak aurrera eramateko, boluntarioen eta egoileen familiarren laguntza ezinbestekoa izaten da.   

Irteera programaren barne, irteera kulturala antolatzen da, eta, aurten, Bilboko Guggenheim museora izango da. Irteera horretan bisita gidatu baten bidez museoa ezagutzeko aukera izango dute egoiliarrek. Ekainean izango da eta 20 egoile inguru joango dira irteerara. 

Benito Ibarrolazak, Gizarte Ongizaterako udal Patronatuko lehendakari eragileak, nabarmendu duenez, programa hori martxan izatea “oso garrantzitsua” da, “egoiliarren bizi kalitatea hobetzen duelako”. 

Bestalde, Bermeoko Udal Musika Eskolako irakasleek bihar, 11:00etan, ipuin musikatua eskaini dute Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzan egoiliarrak musikarekin gozatzeko. Ekimen horretan, musika eskolako irakasleek ipuinean txertatuta estilo desberdineko kantu ezagunak joko dituzte. 

 

 

 

 

 

22 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0