Albistea
Alde Zaharra biziberritu eta gune erakargarri bihurtu nahian, eta Bermeoko Alde Zaharreko edertze eta berreskurapen Planaren barruan, beste pauso bat emango da, eta Nekazari eta Intxausti kaleetan berrikuntzak egin ondoren, oraingoan Areilza eta Doniene kaleak berriztuko dira. Irisgarritasuna hobetzeko, kaleen itxura berritzeko, gunearen garbiketa lanak errazteko, eta honenbestez, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lanak egingo dira.
Bi kale horietan, errepidea eta espaloia, altuera edo maila berean jarriko dira, irisgarritasuna bermatzeko. Gainera, euri-urak hartzeko granitozko “V“ formadun pieza berezi bat jarriko da. Horrez gain, ahal den neurrian, zerbitzu-sarea lurperatuko da. Batez ere, hornidura elektrikoaren, telekomunikazioen eta argiteriaren sareak; hala eta guztiz ere, kontuan hartu beharko da toki bakoitzaren egitura fisikoa, azpiegiturak lurperatzeko aukerak aztertzean.
Lanak hasi dira dagoeneko Areilza kalean, eta ondoren egingo dituzte Donienen. Azken kale horretan lanak hasten direnean, kalea zirkulaziora itxi beharko da, baina oraindik data zehazteke dago. Lan guztiak egiteko epea, gutxi gorabehera bi hilabetekoa izatea aurreikusten da, betiere, eguraldiaren arabera izango da.
Bermeoko Areilza eta Doniene kaleen egokitzapen lanak OHNER INNOVACION S.L. enpresak egingo ditu, 165.223,08eurotan (BEZa barne). Jarduera hau “Bermeoko Alde Zaharreko Edertze eta Berreskurapen Plana” 4.1. azpiardatzaren barruan kokatzen da, eta era berean, Bermeoko Udalaren HELMUGAKO JASANGARRITASUN TURISTIKOKO PLANA 2023: Bermeo, helmuga ekoturistikoa: bertako natura- eta kultura-ondarea zaintzea eta balioestea (BERRESKURATZE-, ERALDATZE- ETA ERRESILIENTZIA-PLANA, EUROPAR BATASUNEKO FUNTSEK FINANTZATUTA-NEXT GENERATION EU) diru-laguntzen programaren baitan.
Bermeoko Udalak barkamena eskatu du lanok iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenengatik.
010 (94 617 91 00)