Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala Zarragoitxiko igogailuan hobekuntza lanak egiten ari da

Ibarrolaza: “Auzoko herritarrekin elkarlanean jarraituko dugu, Zarragoitxi hobetzen jarraitzeko helburuarekin”

 

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzu eta Segurtasun zinegotziak, jakinarazi duenez, Zarragoitxiko igogailuan hobekuntzak egiten ari dira, hala nola, adreiluzko hormak jartzen, sabaia konpontzen, estruktura margotzen eta argiteria hobetzen. Era berean, gaizki dauden txapak kendu dira eta material berriekin konponketak egin dira. 

Ekintza horiekin guztiekin ekintza bandalikoak saihestu nahi dira eta segurtasuna hobetu, alkateordeak nabarmendu duenez. Ildo horretan, gaineratu duenez, Udaltzaingoaren presentzia ere areagotu da gune horretan. Ibarrolazak gogoratu duenez, lan horiekin Bermeoko Udaletik “auzoko bizilagunek adierazitako beharrizanei erantzuna eman nahi diegu  eta gune horren egoera hobetu”. 

Era horretan, zehaztu duenez, igogailuaren inguruan, goiko aldean  (Zarragoitxin) zein beheko aldean (Kurtzion), plaka metalikoak adreiluzko hormengatik ordezkatzen ari dira. “Helburua igogailuaren ingurua hobetzea eta babestea da eta, batez ere, ekintza bandalikoak saihestea; izan ere, plaka metalikoak kendu egiten zituzten eta horregatik adreiluzko hormengatik ordezkatzea erabaki dugu”, azpimarratu du Segurtasun arloko zinegotziak. 

Era berean, Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, estruktura ere margotzen ari dira  eta Kurtzioko sarrerako sabaia konpondu egingo da, gunea txukuntzeko eta edertzeko helburuarekin. Horrez gain, igogailuaren pasabideko argiteria berrituko da, instalazio berriak eta argi berriak jarriz. Era berean, igogailuan jarrita dauden segurtasunerako kamarek euren lana egiten jarraituko dutela esan du.   

Igogailuaz gain, kalearen egoera hobetzeko hainbat lan egin direla gogoratu du. Ildo horretan, azaldu duenez, besteak beste, hidrogarbigailuarekin garbitasun bereziak egin ditugu, margoketa lanak, zuhaitzak ebaki dira eta igogailurako bideko zuhaitzak inausi dira. “Horren ondorioz, bideak argitasuna eta segurtasuna irabazi ditu”, nabarmendu du. 

Bestalde, Udalak eskatuta, Herri Babeseko Jon Ojangurenek emergentzi plana landu du eta, plan hori kontuan hartuta, gunea hobetzeko eta seguruagoa izateko, Zarragoitxi kale eta ingururako Bermeoko Udalean proiektu bat lantzen ari direla esan du. 

“Lan horiekin guztiekin herritarren beharrizanei erantzuna eman nahi diegu, eta gune horretan segurtasuna bermatu, ekintza bandalikoak saihestuz. Zarragoitxiko herritarrekin elkarlanean arituko gara, Zarragoitxi hobetzen jarraitzeko helburuarekin”, nabarmendu du.

23 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0