Albisteak

Albistea

Bermeon Asiako liztorren 57 habia kendu dituzte maiatzetik abendura

 

 

Bermeon aurten Asiako liztorren 57 habia kendu dira, maiatzetik abendura arte, hain zuzen ere. Gehienak Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan enpresak kendu ditu, Bermeoko Udalak abisua eman ostean. Bizkaia osoan aurton 3.056 abisu jaso dira. 

Bermeon kendutako habia guztietatik, 16 herri barruko teilatu azpietan izan dira, gehienbat Zubiaur tar Kepa kalean eta inguruetan. Beste 41 habiak landa auzoetan aurkitu dira, batzuk baserrien teilapeetan, baina gehienak arboletan. Habia gehien kendu diren landa auzoak honako hauek dira: Artika (11), Arane Gibelortzaga (11) eta San Migel (8). 

Gaizka Aurrekoetxeak, Bermeoko Udaleko Ingurumen teknikariak, azaldu duenez, “ikusi dugunez, liztor hauei gizakitik hurbil bizitzea gustatzen zaie, gu bizitzen garen lekuetan behar duten guztia aurkitzen dutelako, hau da, babesa (teilapeak edo arbolak), janaria (fruta, erleak) eta ura”. 

Izurri hori kontrolatzeko, bere esanetan, “oso garrantzitsua da herritarrek habia bat topatzen dutenean edo horren susmoa dutenean Udaltzaingora (092) edo Berhaz-era (010) deitzea leku zehatzaren informazioa emateko”. Abisua jaso ostean, udal teknikari bat lekura hurbiltzen da, habiaren kokapena ziurtatzen du, aktibo dagoen ikusten du, eta beste datu batzuk jasotzen ditu. 

Orduan, programa informatiko baten bidez abisua ematen da eta, normalean Basalan enpresakoak etortzen dira habia kentzen. “Kasu berezietan, adibidez pertsonentzako arriskua dagoenean edo habia leku arriskutsu baten dagoenean, suhiltzaileak dira etortzen direnak”, zehaztu du Ingurumen teknikariak. 

Azaldu duenez, “liztorrak hiltzeko, intsektizida berezi bat erabiltzen da, eta habia kentzeko bi teknika”. “Habia txikia denean eta eskura dagoenean, eskailera batekin igo, habia intsektizidarekin zipriztindu eta jarraian kendu. Hori posible ez zenean, pertika baten bitartez, produktua habia barrura sartu eta habia bertan ixten da. Produktu hori ukitzen duten liztor guztiek pare bat egunetan gehienez hil egiten dira. Habien barruan batez be hiltzea interesatzen duena erregina da”, adierazi du. 

20 / 12 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0