Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak eta BBK Klimak bizikleta elektrikoen udalerriko lehen zerbitzua jarri dabe martxan

-Erakunde bien arteko lankidetza-hitzarmenari esker, Bermeok beste pauso bat emon dau mobikortasun jasangarrirako bidean

-Bizikleta elektrikoen geltokia Turismo bulegoaren alboan dago eta alokairua telefonoko aplikazino baten bidez egingo da

Bermeon, 2023ko bagilaren 13an.- Bermeoko Udalak mobikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin dau, eta udalerriak daborduko badauka bizikleta elektrikoen lehenengo zerbitzua. Zerbitzu hori BBK Klima proiektuaren esparruan BBKrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da. Proiektu horren helburua da Bizkaiko herritarren ingurumen-kontzientziazioa eta -sentsibilizazioa sustatzea eta Bizkaitik planetaren garapen jasangarrian laguntzea. “Mobikortasun pertsonala bultzatuko dauen zerbitzurik onena euki gura dogu, eta bizikleta elektrikoak mobikortasun jasangarriaren alternatiba bikainak dira, karbono isuriak murrizten dituelako eta ingurune garbiagoa eta osasungarriagoa lortzen laguntzen dabelako”, azpimarratu dau Aritz Abaroa, kostaldeko udalerriko jarduneko alkateak.

Bizikleta elektrikoen geltoki barria Turismo bulegoaren alboan dago eta bere zerbitzuak erabili ahal izateko alokairu sistemea telefono aplikazinoaren bidez egin ahal izango da (www.nextbik.es/bbkklima). Tarifei jagokenez, noizbehinkako alokairuaren prezioa 2,50 €-koa izango da lehenengo ordu erdian, eta hurrengo ordu erdi bakotxeko beste 2,50 €. Interesdunek hileko eta urteko 10 € eta 70 €-ko bonuak eskuratu ahal izango ditue, hurrenez hurren. Bizikletak 24 ordurako alokatzeko aukerea be badago, 25 euroan.

Garapen Jasangarrirako helburuakaz bat datorren proiektuak planetaren garapen jasangarriari lagundu gura deutso Urdaibairen bihotzetik. “Bizikletaz egiten diran joan-etorriek jasangarritasuna eta onurak dakarrez erabiltzaileentzat zein ingurune naturalarentzat. Bermeotarrok klima aldaketari modu osasuntsu eta garbian aurre egiteko aukerea daukagu”, esan dau Abaroak.

Bermeo eskualdeko bigarren udalerria da zerbitzu hau martxan jartzen, BBK Kliman, Busturian, bizikletak alokatzeko lehen geltokia martxan jarri ondoren. BBK Klimarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietara ere hedatzen da, eta hori da zaratarik eta isuririk gabeko garraioan aurrera egiteko martxan jarritako lehen ekimen bateratua, espazioaren erabilera hobetuko duena, bai zirkulazioarena bai aparkatzearena, auto-pilaketa murriztuz eta trafiko-fluxu handiagoa sortuz.

13 / 06 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0