Albistea
Bermeotarren artean irakurzaletasuna eta antzerkizaletasuna sustatzeko, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, irakurleen txokoak eta heldu zein gazteentzako antzerki tailerrak antolatu ditu. Aurten, gainera, berritasun moduran irakurleen txoko feminista eskainiko da.
Irakurleen txoko feministan liburuek genero ikuspegiaz berba egiteko ematen dituzten aukeretan zentratuko dira batez ere, alderdi literario eta fikzionalari horrenbeste begiratu barik. Hala, irakurketetatik eta fikziotik, obretan eraikitzen den errealitatean generoak zer leku duen, eta, izatekotan, zelan eraikitzen den genero-diskurtso hori hausnartuko dute parte-hartzaileek. Amatasuna, genero indarkeria, maskulinitate eta feminitate ereduak, eredu ez binarioak, espazio publiko vs. pribatuak, gorputzak, agency edo egiletasuna, prostituzioa eta bestelako kontzeptuak egongo dira parte-hartzaileen solasaldien erdigunean. Saioak ordubetekoak izango dira, hileko laugarren eguaztenetan.
Bestalde, 2011. urtean sortu zen irakurleen txokoan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak elkartuko dira, aurten ere. Taldea hileko hirugarren eguenetan elkartuko da udal liburutegian, 18:30etik 20:00etara.
Bi irakurle txokoetako dinamizatzailea Nagore Fernandez Zabala izango da, eta biak dira doakoak. Parte hartu gura dutenek, irailaren 30 baino lehen eman beharko dute izena udal liburutegian. Bertan zehaztu beharko dute zein den nahiago duten irakurleen txokoa, lekua baldin badago, eta horrela gura izanez gero, bietan parte hartzeko aukera ere egongo da. Bakoitzerako, gehienez, 15 leku egongo dira. Izena emateko ordena kontuan izango da taldeak sortzean.
Bi Irakurleen txokoetan 8 liburu irakurriko dituzte. Ekimen hauen helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana zein den jakitea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
Antzerki tailerrak
Irakurleen txokoez gain, Euskara Sailak antzerki tailerrak ere antolatu ditu. Nagusien antzerki tailerraren helburua da, kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea zabaltzea. Saioak Gizarte eta Kultura Etxean izango dira, eta astean behin batuko dira.
Tailerrean, antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasuna landu nahi duten 17 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. 115 euro ordaindu beharko dira.
Parte-hartzaileek, besteak beste, honakoak landuko dituzte: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak.
12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako antzerki tailerra ere antolatu da. Euren garapen pertsonala askatasunean jorratzeko espazio bat aurkitzeko guneak eskaini gura zaizkie, herri mailan adierazpena lantzeko, elkar ezagutzeko eta sozializatzeko. Helburua da gazteak antzerkiaren mundura hurbiltzea. Horretarako, antzerkiaren hainbat tresna landuko dituzte: gorputz eta hots adierazpena, inprobisazioa, pertsonaien eraikuntza, eszena ezberdinen egituraketa…
Ikastaroa urrian hasiko da, eta Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean izango da astean behin. 50 euroko prezioa izango du.
Heldu zein gazteentzako antzerki tailerretako irakaslea Eneritz Artetxe Aranaz izango da. Batean zein bestean parte hartu gura dutenek, Berhaz bulegoan eman beharko dute izena, eta irailaren 30a izango da horretarako azken eguna.
010 (94 617 91 00)