Albisteak

Albistea

EHUko arkitektura ikasleek Bermeoko Alde Zaharreko orube hutsen inguruko proiektuak landuko dituzte

 

Irune Ormaetxeak, Urigintza zinegotziak, jakinarazi duenez, otsailetik maiatzera arte, EHUko Arkitektura Eskolako 120 ikaslek Bermeoko Alde Zaharreko 19 orube hutsetan proiektuak landuko dituzte, BERUALAk eta EHUk epe laburrean sinatuko den hitzarmen bati esker. 

Horrela, joan den eguaztenean, urtarrilaren 18an, EHUko Donostiako Arkitektura Eskolatik zazpi irakasle Bermeora etorri ziren Alde Zaharra ezagutzera eta bertan dauden 19 orube hutsak ikustera.

Era berean, gaur, eguaztenean, urtarrilaren 25ean, Santi Murua, Berualako zuzendaria, eta Jon Goitia, Berualako arkitektoa, Donostiara joango dira proiektua ikasleei azaltzera; eta hurrengo eguaztenen, otsailaren 1ean, 120 ikasle horiek Bermeora etortzea aurreikusita dago, goiz osoan zehar orubeak ikustera eta proiektuak egiteko beharrezkoak diren datuak hartzera.

Ormaetxeak argitu duenez, “proiektu hauek ez dute inolaz ere orubeen jabeei ezertara behartuko”. Ikasleen proiektuen artean aukeraketa bat egingo da, eta proiektu irabazleekin erakusketa bat antolatuko da Bermeon. 

Urigintza zinegotziak azaldu duenez, ekimen hori Alde Zaharra biziberritzeko Bermeoko Udala ematen ari den pausuen barne dago. “Hainbat ekimen egin ditugu jadanik, besteak beste, Hurtado de Mendozako gune hutsaren berreskurapena partaidetza prozesu baten bidez, Alde Zaharreko lore lehiaketa, kaleko artearekin muralak margotu, ‘food truck’ eta lokal hutsen egoera aztertzea. Orube hutsetan arkitektura ikasleek bere proiektuak lantzea beste pausu bat da Alde Zaharra indarberritzeko lan horretan”, azpimarratu du.

Ormaetxeak adierazi duenez, “oso interesgarria” da EHUrekin elkarlanean honelako proiektu bat martxan jartzea, izan ere, “ikasleek proiektuak lantzeko eta ikasteko aukera ona izango dute, eta, aldi berean, euren lanen bidez orube horiei ematen zaien irtenbide ezberdinak ikusteko aukera izango dugu” . 


25 / 01 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0