Albisteak

Albistea

310 txirrindularik parte hartuko dute Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon proban

  • Kirola eta elkartasuna batzen dituen proba bat da. Modu horretara, aurten, izen emateetatik ateratako diruaren zati bat Aspanovasek jasoko du, minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen elkarteak.

Bermeoko Udalak eta Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak antolatuta, Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon lehiatuko da zapatuan (uztailak 6), bigarren urtez. Aurten, gainera, XCM 2024 Bizkaiko txapelketa bertan erabakiko da. Bermeoko proba Biosfera Erreserba bat zeharkatzen duen Euskal Herriko proba bakarra da. Proba guztiak kontuan hartuta, 310 txirrindulari izango dira Artza frontoiaren aurrean kokatuta egongo den irteera lerrotik aterako direnak.

Iaz modura, izena ematerakoan, parte hartzaileek bi ibilbide izan dituzte aukeran. Batetik, 68 kilometroko Bike Luzea dago, Bizkaiko txapelketa izango dena. Proba horretan, txirrindulariek 2.650 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeko kide Raul Layak azaldu duenez, ibilbide “gogorra eta zorrotza” da: “Historiaz, bidezidorrez eta antzina merkatariek barrualdea eta kostaldea lotzeko erabiltzen zituzten bideez betetako parajeak zeharkatzen ditu. Talaia naturalak dira, eta bertatik Kantauri itsasoa ikus daiteke bere osotasunean”. Hala ere, ibilbideak dituen arratoi-bidexkak, igoerak eta jaitsierak aipatu ditu, “parte hartzaileari barruan daroan guztia ateratzea eskatuko diotenak”.

Bestetik, distantzia ertaineko ibilbidea dago, Bike Laburra izenekoa; 42 kilometro ditu eta 1.600 metroko desnibela. Laburragoa izanda ere, hau ere, ibilbide “gogorra” dela dio Layak, eta tarteetako asko Bike Luzearen berdinak dira: “Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eta Kantauri itsasoak eskaintzen dizkiguten ikuspegiez gozatzeko aukera ematen du, Izaro uhartea zaindari dela”.

Gogorarazi dute, proben distantziak eta desnibelak orientagarriak direla, eta aldaketa txikiak eman daitezkeela.

Oraingo honetan ere, txapelketa lehiatu gura ez dutenek, proba herrikoian parte hartu ahalko dute. Artza frontoiaren aurretik aterako dira parte hartzaile guztiak: 09:00etan, Bike Luzeko lehiakideak, 09:05 proba herrikoi luzekoak eta 10:00etan Bike Laburrekoak. Dortsalak bezperan, 17:00etatik 20:30era, zein egunean bertan (bike luzekoak 07:30-08:30 eta bike laburrekoak 07:30-10:00) hartu ahalko dira, Artza frontoian.

Egunari amaiera borobila emateko, parte hartzaile guztiek elkarrekin bazkaldu ahalko dute frontoian bertan, hain zuzen ere, marmitakoa izango dute bazkaltzeko, bertoko eta sasoiko produktua bultzatuta. Hori baino lehen, 14:00ak aldera egingo dute sari banaketa ekitaldia. Ondoren, udalerriko dendek emandako produktuen zozketa egingo dute.

Gainera, irteera eta helmuga gunea (Artza frontoia) musikaz girotuta egongo da, eta food truck bat ere egongo da inguruan.

Elkartasuna Aspanovas elkartearekin

Dena ondo joateko, 100 boluntario baino gehiago egongo direla zehaztu dute antolatzaileek, eta segurtasuna bermatzeko Bermeoko Herri Babesaren eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren kideen laguntza edukiko dute. Xabier Ortuzar Butron Bermeoko alkateorde eta kirol zinegotziak, proba hau antolatzeaz arduratu den Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldearen lana eskertu du, eta egindako ahalegina goraipatu du. Era berean, boluntario guztien lana eskertu du. Halaber, zorte ona opa die parte hartzaile guztiei, bera ere horien artean egongo dela aipatuz; izan ere, Bike Laburrean parte hartuko du.

Kirola eta elkartasuna batzen dituen proba bat da Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon. Modu horretara, aurten, izen emateetatik ateratako diruaren zati bat Aspanovasek jasoko du, minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen elkarteak. Azaldu dutenez, Aspanovasek mahai bat jarriko du materialarekin, irteera eta helmuga lerroan.

04 / 07 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0