Albistea
Belaren mundua herritarrei hurbiltzeko helburuarekin, Galerna zine festibal ekimena izango dugu lehenengo aldiz Bermeon, Arrantzaleen Kofradian Zaharrean, azaroaren 16tik 18ra. Galerna taldeak, Bermeoko Udalaren eta Serrats kontserba enpresaren laguntzarekin antolatutako festibal honen barne, pelikulen proiekzioak, hitzaldiak eta kontserben dastaketa izango ditugu. Bermeo Tuna World Capital ekimenak ere presentzia izango du Galerna zine festibalean. Gainera, ekimen guztietara sarrera dohainik izango da.
Irune Ormaetxeak, Turismo zinegotziak; eta Unai Bilbaok, Gotzon Zabalak eta Nere Azkaratek, Galerna elkarteko kideek, galerna zine festibala aurkeztu dute gaur Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Unai Bilbaok azpimarratu duenez, “Galerna taldeak festibal honekin belaren mundua Bermeon eta inguruetan zabaldu nahi dugu, herritarrei hurbildu, belari buruzko istorio eta abenturak ezagutaraziz”.
Galerna zine festibala azaroaren 16an, barikuan, 19:00etan hasiko da ‘En solitaire’ filmaren proiekzioarekin. Pelikula honetan Yann nabigatzaileak bere bizitzako ametsa betetzen du Vendee Globe-n, munduari bira belaontzian, parte hartzen duenean, bakarrik eta eskala barik. Gauzak aldatzen dira belaontzian polizoi bat agertzen denean. Pelikula bukatu ondoren, ‘Martinica-Azores-Bermio’ hitzaldi laburra entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Azaroaren 17an, zapatuan, hainbat izango dira Galerna zine festibalak eskainiko dituen aukerak. 19:00etan hasita Bernard Moitissier nabegatzailearen ‘Viaje al límite del mar’ film laburra proiektatuko da, eta, ondoren, ‘Hiru urte belaontzi batean: bizipena…’ hitzaldi laburra eskainiko da. Horrez gain, ‘The weekend sailor’ pelikula ikusi ahal izango da. Film honetan 1973. urtean Erresuma Batuan belaontziek munduari bira emateko lehenengo estropada antolatzen da eta horretara Europa eta beste herrialde batzuetako kapitan eta adituak gonbidatzen dituzte. Pronostiko guztien kontra, estropada horretan familia mexikar batek parte hartzen du eta irabazi baita ere.
Azaroaren 18an, domekan, goizeko 12:00etan hasiko da Galerna Zine Festibala ‘itsasgizon historikoak’ izeneko hitzaldiarekin. Ondoren, Baskavígin, La matanza de los balleneros vascos dokumentala proiektatuko da. Baskavigin dokumental historikoa da eta Islandian gertatutako sarraskirik handiena kontatzen du; izan ere, 1615. urtean Islandian euskal baleontzietako 31 arrantzale euskaldun hil zituzten era basatian. Filma bukatu ondoren, Galerna Zine Festibalari bukaera ezin hobea emango zaio Serrats kontserba enpresaren produktuen dastaketa batekin.
Ormaetxeak Galerna Zine Festibalak bela mundua eta itsas mundua orokorrean ezagutzeko aukera aparta emango dizkigula nabarmendu du eta Turismo zinegotziak eta Galerna elkarteko kideek pertsona guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera eta ekimen horiekin guztiekin gozatzera Bermeoko Arrantzaleen Kofradian.
010 (94 617 91 00)